Egun eta gune bakarrean izango dira aurten Udaberri Festen barruko kontzertuak: apirilaren 12an izango da Munoa plazako karpan. Zurekin Zarauzko ostalarien elkarteko Asier Aldalurrek azaldu du aldaketaren zergatia: "Herrian zehar kontzertu txiki asko eskaini ordez, horiek gune bakar batean biltzea erabaki dugu aurten. Buruhausten handiak eman ohi ditu halako ekimenak antolatzeak, eta logistika eta beharren aldetik arazoak ekiditeko egun bakarrera mugatu dugu jaialdia".
Hala ere, egitarau "erakargarria" antolatu dute, pasa den urteetako arrakasta berdintze aldera. "Erakargarria eta herrikoia". Gatibu eta Gose taldeak izango dira kartel buru, eta Urola Kosta inguruetako taldeek borobilduko dute kontzertu zerrenda: Skasti, Lauroba, Bluestock, Perlak, Patera Style Sound System eta Gulu Gulu disko jartzaileak. Xpressionk plataformako Jokin Telleriak nabarmendu du aurtengo Udaberri Fest herriko musikarientzat puntako taldeekin oholtza partekatzeko "aukera ona" izango dela: "Aukera paregabea da etxean eta ikusle askoren aurrean jo izatea. Erakuslehio aparta da".
Gatibuk aurten Gipuzkoan emango duen lehenbiziko kontzertua izango da apirilaren 12koa. Gosek "emanaldi ederra" eskainiko duela aurreratu du Aldalurrek, "oholtza gainean dena ematekoak direlako". Hala egingo du Skastik ere: "Skastiri buruz zer esan. Zarauzko talde indartsu honek Euskadi Gazteako sari potentea irabazi zuen eta besteetan egin ohi duen moduan guztia emango dute hauek ere". Zarauztarrek itxiko dute jaialdia. Perlak taldeak laister aterako du diskoa Telleriak jakinarazi duenez, eta Zarauzko jaialdia aprobetxatuko du hori aurkezteko.
"Kolore askotako festa" izango da. Hala adierazi dute Babacar Gueye
Peru eta Ibrahim Seck
Gorka-k, Patera Style Sound System taldeko kideek. "Afrikarrak gara gu, baina baita zarauztarrak ere. Musikak herritarrak gerturatzeko balio du", nabarmendu du Gorkak. Reggae eta afro musika egiten duten senegaldarrek, besteak beste, eta maketa prestatzen ari dira egun. Horrek gizartean inpaktua eragingo duela ohartarazi du Peruk. Udaberri Festen "%200" emango dute.
Laugarren urtea da Zurekin elkarteak Zarauzko Udalarekin elkarlanean Udaberri Fest antolatzen duena. Jaialdi hori udaberria dinamizatzeko eta musika nahiz kultura ekitaldiei dagokionez Zarautz plaza esanguratsu bihurtzeko asmoarekin antolatu ohi dute urtero. "Uste dugu hein handi batean lortu dugula", aitortu du Aldalurrek: "Aurreko urteetako kontzertuetan jendetza bildu da". Zarautzen zein Zarauztik kanpo ere erreferentzia bilakatu du musika jaialdia, Zarauzko Kultura zinegotzi Gari Berasaluzeren esanetan: "Dagoeneko marka propioa du, izena du".
Udalak jarriko ditu azpiegiturak zein diru laguntzak jaialdia antolatzeko. "Kolorez eta gaitasunez betetako festa izango da. Orain Munoa betetzea besterik ez da falta", gaineratu du.
Sarrerak ere, prezio herrikoian
Dagoeneko eros daitezke jaialdirako sarrerak. Gizartea krisi ekonomikoan "murgilduta" dagoenez, aurten prezio herrikoiak finkatu dituzte. Hala, aurrez erosten dituztenek 10 euro ordaindu beharko dute txarteleko eta egunean bertan erosiz gero 12 euro kostako du sarrera bakoitzak.
Interesa dutenek herriko tabernetan eskura ditzakete sarrerak eta baita
kutxa.net plataformaren bitartez ere.