Orioko saregileen hizkera jaso du Kilometroetako ‘Erria txikota!’ kantak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko martxoaren 27a

Gaur aurkeztu dute Donostian Erria txikota! abestia. (Egilea: Aritz Mutiozabal) Erria txikota! lelopean 2014ko Kilometroak jaia aurkeztu zutenetik, Orioko Herri Ikastolako kideek argi adierazi dute festaren helburuetako bat dela «mendeetan zehar oriotarrek bizirik mantendu duten itsas ondarea gogora ekartzea». Orio eta oriotarren bizimodua itsasoari eta errioari lotuta egon da beti, eta horren inguruan kultura oso bat sortu da, oriotarren hizkeran eragin zuzena izan duena. Hortik abiatuta sortu dute herriko sortzaile gazteek Olatz Zugastiren gidaritzapean Erria txikota! abestia. Julen Alonso ikasle ohi gazteak sortu du abestiaren oinarrizko doinua, eta Olatz Zugastik sortu ditu hitzak: «Orioko saregileen eta arrantzale jendearen hizkera du oinarrian abestiak, hitanoa nabarmenduz», zehaztu dute gaur eguerdian Donostian egindako aurkezpenean. Orioko Kilometroetako abestia nork egin erabakitzerakoan ikastolako kideek argi izan zuten «herritik eta bereziki ikastola ingurutik» sortutako abestia izan behar zuela. «Ikastolen proiektuak oinarrian duen elkarlana ere ezinbestekoa iruditu zaigu, eta horregatik Uhats eta Giranice musika taldeek elkarlanean sortu dute abestia, Olatz Zugasti gidari dutela». Belaunaldien arteko elkarlana izan da, beraz. Uhats taldea Orioko Herri Ikastolako kantagintza ikastarotik sortu zen musika taldea da. «Ahotsetan oinarritutako taldea da, eta abestiaren doinua sortu duen Julen Alonso izan da hasieratik gure musika euskarria», adierazi du Zugastik. Orioko Herri Ikastolako arduradunek eta Olatz Zugastik pentsatu zuten «opari polita» izango zela Uhats taldeari abestia sortzeko eta interpretatzeko aukera ematea. Dena dela, bazekiten ahotsetan oinarritutako musika taldea izanik, Kilometroetako abestia sortzeko musika-tresnei dagokionez laguntza beharko zutela. «Oriotarrekin abestia osatzerik izango al nuen galdetu zidaten, eta berehala esan nuen baietz. Talentudun musikari asko dago Orion, eta Giranice musika taldea etorri zitzaidan burura, bereziki gustatzen baitzait euren musika». Rock instrumentala egiten du Giranice taldeak, eta «hainbat zirkuitutan sona» hartzen ari direla zehaztu du Zugastik. Giranice musika taldeko Iñaki Gurrutxagaren iritziz, musikari dagokionez izaera desberdineko musika taldeak izanda ere, «bilgunea aurkitu» dute abestian. «Prozesua oso aberasgarria izan da. Askotan erdibideak oso hilak geratzen dira, baina elkarlanean ezohiko zerbait egitea lortu dugu. Emaitzarekin oso gustura gaude, musikalki oso anitza baita». Emakumezkoen hitanoa Hitzei dagokionez, abestiak hizkera «bizi-bizia eta oriotar peto-petoa» duela nabarmendu dute. Zugastik hala esan du: «Oriotarren ondare linguistikoa errekuperatu eta belaundaldi berriei helarazi nahi diegu. Bide horretan, kantari gehienak emakumezkoak izanda, saregileen irudia primeran zetorkidan haien esamoldeak erabiltzeko, emakumezkoaren hitanoari garrantzia emanez». Zugasti jaiotzez hernaniarra izanda, Oriora etorri zenean arrantzale giroko emakumeen hizkerak atentzioa eman ziola gogoratu du aurkezpenean. «Arrantza giroa 2014ko Kilometroetako jaiaren ardatza izanda, saregileei hitza ematea bururatu zitzaidan». Hitzen egilea Orioko hainbat saregilekin bildu zen beraiek erabiltzen dituzten esaerak ezagutzeko, eta horietatik abiatuta sortu zuen abestia. Ildo horretatik, Kilometroetako koordinatzaile Joseba Orellak eskerrak eman dizkie Julene Etxeberria, Nekane Etxeberria eta Marisol Dorronsoro saregileei «hitzetik hortzera darabilten euskara aberatsa» belaundaldi berriei helarazten laguntzeagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide