Azpeitiko Udaletik emandako datuak:

Nerea Uranga 2014ko martxoaren 26a

Etorkin kopurua - Kopurua eta jatorria. Azpeitiko Udalaren datuen arabera, 2013. urtearen bukaeran estatu espainiarretik kanpoko 1.026 pertsona bizi ziren Azpeitian. Horietatik 211 Europako hainbat herrialdetatik etorriak, eta gainontzeko 815 Europatik kanpoko herrialdeetatik etorriak. Iaz 200 gehiago erroldatu ziren Azpeitian. - Jatorria: Azpeitira etorritako gehienak marokoarrak dira (195 pertsona); pakistandarrak 129; eta, gainontzekoak ekuadortarrak, argentinarrak, aljeriarrak... Europa aldetik gehien Portugaldik etorri dira, 115 pertsona; eta, horien atzetik errumaniarrak. - Genero aldetik: Horietatik 459 emakumeak dira, eta 567 gizonezkoak. - Adin tartea:  Adin tarteari dagokionez, 65 urtetik gorakoak dira gutxienak:  23.  50-64 urte artekoak 103 dira; 30-49 urtekoak 538; 18-29 bitartekoak 219; eta, 0-17 urte artekoak 143. Diru laguntzak - Gizarte Larrialdietarako Laguntza (GLL). Eusko Jaurlaritzak udalari diru laguntza kopuru bat bideratzen dio, urte osorako. Udalak kudeatzen du diru hori. Iaz Azpeitiko Udalari 100.000 euro eman zizkion. «Gertatzea dago uztailean diru hori dena gastatzea eta dirurik ez gelditzea laguntza emateko», azaldu du Leire Etxaniz Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. GLL laguntzaren onuradunak iaz 126 pertsona izan ziren: 57 bertakoak (43.500 euro banatu ziren) eta 69 atzerriko jatorridunak (56.000 euro banatu ziren horien artean). - Azpeitiko Udalaren laguntza. Beharrean dauden herritarrei laguntzeko udal laguntzak ditu Azpeitiko Udalak, araututa. «Laguntza hauek beste udal askok ez dauzkate», nabarmendu du Etxanizek. Iaz, udal laguntzen onuradunak 204 pertsona izan ziren: 109 bertakoak (132.000 euro banatu ziren horien artean) eta 95 atzerriko jatorria dutenak (75.000 euro). «Kopuruak kontuan hartuta, argi ikusten da ez dela egia atzerritarrei ematen zaienik laguntza gehien», esan du Etxanizek. - Diru sarrerak bermatzeko errenta (DBE). Lehen udaletik kudeatzen zen laguntza poltsa, baina egun Lanbidek egiten du. Azpeitiko Udalak laguntza horri buruz daukan informazioaren arabera iaz herriko 281 pertsonek jaso zuten laguntza: 162 bertakoak eta 119 atzerritarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide