Elkar-ekinek jatorri aniztasunaz eta elkarbizitzaz antolatutako mahai ingurua (Nerea Uranga/ Hitza)
Atzerritik Azpeitira bizitzera etorri, eta pertsona batek jarraituko lukeen bidea segitu zuten ostiralean Elkar-ekinek Azpeitiko Sindikatu Zaharrean antolatutako mahai inguruan: udaletxea, Caritas, hezkuntza, osasuna eta aisialdia. 50 lagun inguru bildu ziren, jatorri aniztasunari eta elkarbizitzari buruzko saioan. Gaia gizarteratzeko eta herritarren eta eragile desberdinekoen iritzia jasotzeko helburuarekin egin dute, Elkar-ekineko Markel Mendizabalek azaldu duenez.
Kanpotik datorren batek aurrena jotzen duen atea udaletxearena izaten da. Leire Etxaniz Azpeitiko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak iazko abendura arteko datuak eman zituen. «Ez dugu bereizten jatorria, guretzat denak pertsonak dira. Baina, krisia eta gero, kalean hainbat zurrumurru dabil, esanez laguntza dena etorkinei ematen zaiela». Datuak eman ditu Etxanizek, errealitatea bestelakoa dela erakusteko.
2013ko bukaeran, Azpeitian 1.026 pertsona ziren Espainia ez beste herrialde batzuetatik etorritakoak; gehienak Europatik kanpokoak. Azken urtean, atzerritik etorritako 200 pertsona erroldatu dira Azpeitian. Lehen Espainiako estatuan diru laguntza bat ematen zen, eta baita Euskal Herrian ere. Laguntza hori jasotzeko, urtebetez erroldatuta egotea eskatzen zuten; baina, laguntza hori jasotzen hasi aurretik, sei hilabetera Gizarte Larrialdietarako Laguntza (GLL) jaso zitekeen. Ordea, murrizketa batzuk ezarri zituen Espainiako Gobernuak, eta laguntza kobratzen hasteko hiru urtez erroldatuta egon behar da; ondorioz, GLL bi urte eta erdira atzeratu dute. «Ordea, Gipuzkoan laguntza hori sei hilabeteko epean mantendu da. Jendeak badaki hori, eta etorkin kopurua Gipuzkoan hazten ari da», esan du udalekoak. Azpeitiko Udalak beharrean dauden herritarrentzako laguntzak ere baditu, araututa.
Zinegotziak nabarmendu du udala hainbat sailetatik jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzeko lanean ari dela. Adibide bezala, Parekidetasunetik egiten ari direna jarri du. Euskara ikasi nahi, baina «lan baldintza gogorrengatik» edo ordutegiagatik ezin dutenentzako aukera dago Emakumeen Txokoan. Hirugarren ikasturtea dute oraingoa, eta Marian Agirre aritzen da boluntario irakasle. «Gaur egun zortzi emakume dabiltza: bost marakoar, portugaldar bat eta espainiar bat. Sinbolikoa da, ordubetez astean behin elkartzen baikara. Asko haur eta guzti datoz», dio Agirrek. Parte hartzen dutenak «gustura» daude, eta «aberasgarria» egiten zaie. «Herrian integratzea nahi badute, euskaraz ikasteak garrantzia dauka, eta hori azpimarratzen diet», nabarmendu du Agirrek.
Beharrak gehitzen
Azpeitira etorri, beharrean egon, eta udaletxera jo ondoren Caritasera ere joaten dira batzuk. Caritasen helburua, bazterkeria sozialetik gertu edo bertan dagoenari laguntzea da, «beti administrazioaren osagarri arituz, eta ez hura ordezkatuz», argitu du Caritaseko Arantxi Arangurenek. «Etorkinentzako bereziki ez dago ezer, beharrean dagoen ororentzat da Caritasek ematen duena», nabarmendu du. Caritasen zerbitzua gehien erabiltzen dutenak, ordea, etorkinak dira: «Hamarretik zazpi eta erdi edo zortzi; marokoarrak, pakistandarrak, hego amerikarrak... dira gehienak. Pakistandar gehienak gizon gazte ezkongabeak dira, eta besteak gehienak emakumeak». Baina, «zoritxarrez», bertako jendearen kopurua ere igo egin da.
Larrialdiko laguntzak beranduago jasotzeak ere eragin du Caritasen erabiltzaileen artean. «Laguntza jaso bitartean jan egin behar dute, eta batik bat oinarrizko laguntza bila datoz: etxebizitza, janaria, argindarra-gasa... Negu honetan jende asko gelditu da argindarra eta gasa ordaindu ezinik».
Lan poltsa bat ere badu Caritasek, batik bat haurrak eta adineko pertsonak zaintzeko. Baina, krisiaren ondorioz, arlo honetan ere antzeman dute beherakada. «Langabezia gehitu egin da, eta zaintza lanak bertakook egiten ditugunez, lan poltsa geldi samar dago».
Ahuldadeaz baliatuz
«Gure laguntza jaso ahal izateko prozesu batean egon behar da», azaldu du Arangurenek. «Bi hilabete falta larrialdiko laguntza jasotzeko eta guk orduan igoal lagundu dezakegu; edo, lanean ibili, 800 euro irabazi eta errenta ordaintzeko 500 euro ordaindu behar, eta dentistarengana joateko ez zaielako iristen... Horrelakoetarako laguntza eman dezakegu. Baina, orain jendea dator dirurik gabe, jatekorik ez, etxebizitza behar... eta hori dena guk ezin dugu lagundu».
Egoera «oso-oso ahulean» dagoen jende horrengatik probetxua ateratzen dutenak ere badaudelako kezka dute Caritasekoek. «Alde batetik, etorkinak euren artean jende gehiago ekartzen ari dira, komeni zaielako: errenta ordaintzeko-eta. Hemen lan itxaropenik eta ezer eduki gabe jendea ekartzen ari dira. Eta, beste alde batetik, herriko bertako jendearen jarrera dago: batzuk zoragarri ari dira portatzen; baina, beste batzuek, etxe kaskar bati izugarrizko errenta jartzen diote, edo beste batzuk etxea utzi erroldatzeko, baina bertan bizitzen ez utzi eta gero horregatik kobratu egiten dute».
Caritasek laguntzetarako erabiltzen duen diru guztia jendeak emandakoa da, «denetariko jarrerak aurkitu ditugu, baina egia da krisi egoeran jendea diru gehiago ematen ari dela. Jendea oso-oso ondo erantzuten ari da. Azpeitian asko jasotzen da, eta eskerrak eman beharrean gaude». Azpeitiko Caritasek iaz 40.800 euro banatu zituen laguntzetan.
Herriko ikastetxeetan ere gero eta gehiago dira atzerriko jatorria duten ikasleak. Hala adierazi dute Marije Agirre Iraurgi Ikastetxeko eta Beñat Azurmendi Azpeitiko Ikastola Ikasberriko zuzendari pedagogikoek eta Arantxa Brei Urola Ikastolako orien-
tatzaileak.
Ikastetxeko arduradunak aurrena atzerritik datorren ikasle horren familiarekin jartzen dira harremanetan, eta «beharrak beteta» dituzten aztertzen dute. «Gehienetan laguntza behar dute, eta ikasle hori babestera jotzen dugu. Horretarako erreferentziazko irakasle bat edukitzea garrantzitsua da egokitzapenerako», esan du Agirrek.
Urrutitik gerturatuz
Aurrena ikasle berri horrek «errezelo handia» izan ohi duela diote «ezezaguna den toki batera datorrelako», baina pixkanaka gertutasuna aurkitzen dute. Ikaslearen adinak ere eragiten du integratzeko orduan, «txikitan datozenekin euskararekin-eta arazorik ez da izaten, baina bai Batxilergora datozenekin. Batik bat euren hizkuntza gaztelania denean, askotan euskara inposizio bat bezala ikusten dutelako. Komunikaziorako euskararen beharrik ez dute ikusten». Bestalde, beste herrialde batzuetatik datozenekin komunikatzeko gaizki ibiltzen dira ikastetxeetan. «Kasu batzuetan, gure ikasle ohiak itzultzaile bihurtu ditugu. Itzultzaileen ordu gehiago behar dira, ikasleentzako bide bat direlako, babes bat. Itzultzailea ikaslearentzako lasaitasun bat da; mundu berri batean eta gehienetan bakarrik sentitzen delako», nabarmendu du Breik. Lehen familiak banaka etorri ziren, «eta herriko beste familietara ireki ziren». Baina, gaur egun, «beraien kultur identatearen arabera» ixten ari direlako kezkatuta agertu da Agirre. Zorionez, ikasleak hemen bi-hiru urte bizi ondoren azpeitiar sentitzen dira.
Aberastasuna dakarte
«Ikasle horiek ez datoz huts-hutsik: kultura eta hizkuntza bat dakarte, hori ikastetxean landu egin behar da, eta enbaxadore lan bat egin behar da. Integrazioan haiek ere talde ikuspegia hartzeko, eta sentitzeko bat gehiago bezala», dio Azurmendik. Atzerritik datozenen ekarpena kultur aniztasuna dela nabarmendu dute hezkuntzako ordezkariek, «aberastasun hori eurekin dakarte».
Hala ere, etorkizuna kezkaz ikusten dute, beharrak gero eta gehiago diren bitartean, baliabideak murrizten ari direlako. «Ikasgeletan ikasle kopuru gehiago daude eta bekak eta diru laguntzak murrizten ari dira. Laguntzak gero eta gutxiago, eta atzerritik gero eta gehiago dator. Gipuzkoara ikasturte honetan atzerritik 600 ikasle inguru etorri dira, eta gehienbat Azpeitira eta Azkoitira».
Askotan kopuruak baino, datozenen egoerak kezkagarriagoak direla nabarmendu dute. «Askotan egoerak oso konplexuak direlako».
Mahai inguruan ez zuten parte hartu, baina Azpeitian Helduen Eskola Publikoa ere alor horretan «lan handia» egiten ari dela aipatu zen bertan. Urola Kostako Helduen Eskola Publikoak gaur egun 300 ikasle ditu: «Herena atzerritarrak dira, eta gehienak pakistandarrak. Mutil gazteak dira eta oso formazio maila apalekoak», azaldu diote HITZA-ri Azpeitiko HHP-ko arduradunek. Hizkuntza aldetik, batik bat gaztelaniaz ikastea aukeratzen dute, baina gero eta gehiago da euskaraz ikastera animatzen dena.
Atzerritik etorritako ikasle batzuek Bigarren Hezkuntzako gradua lortu dute, eta batzuk goi mailako ikasketak egiten ari direla azpimarratu dute.
Helduen eskolan atzerritarrei laguntza emateko boluntarioen lana ere nabarmentzekoa da. «2009-2010 ikasturtetik, Ikas-Komunitate proiektuan dago eskola. Hor, boluntarioen partaidetza eta inplikazioa azpimarratu behar dira, eta haiei eskerrak eman beharrean gaude».
Helduen eskolan ere eragin du krisiak: matrikulak gehitu egin dira talde guztietan. «Oinarrizko hezkuntzan gizonezkoen parte hartzeak gora egin du. Formakuntza programetan, berriz, 50 urte inguruko emakumeak dira nagusi».
Ikastetxeetakoa ez ezik, anbulatorioko atea ere jotzen dute atzerritarrek. Udaletxearen hurrengoa da anbulatorioa, Azpeitiko osasun etxeko Ana Errastiren arabera. Osasun txartela lortzeko jotzen dute osasun etxera, «legeak dioena, ordea, nahiko konplikatua da, eta asko aldatzen ari da». Azkenaldian jende asko doa hara, «osasun txartela izan nahi dute, baina horretarako baldintza batzuk behar dituzte», dio. Batik bat gizonezkoak dira, eta 25-45 urte ingurukoak. «Exijituz» joaten denik baldin bada ere, eskerrak ematera asko joaten zaizkiela esan du Errastik.
Mahai inguruan parte hartu dutenen arabera, erakundeen elkarlana garrantzitsua da. Eskola orduz kanpoan lanean ari direnek ere horixe diote.
Eskola ordutik kanpoko lana
Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Euskara Patronatuaren Etorkizun proiektua atzerritik etorritako Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleentzako da; ikastetxeetako zerbitzuen luzapen bat da. 2006an sortu zuten. Gaur egun, 88 haur eta gaztetxo dabiltza.
«Esperientzia oso polita eta lan aberatsa da; aniztasuna aberastasuna da», nabarmendu du Etorkizun proiektuko arduradun Iñaki Aizpuruk. «Euren artean bildutakoan euskaraz jarduteko beldurra galdu egiten dute, eta etxetik jarraipena baldin badute, errazagoa da». Zubi lana egiten saiatzen dira. Baina, ekainean, oporrak hartutakoan, euskararekin kontaktua erabat galdu egiten dutelako kezka agertu du Aizpuruk mahai inguruan.
Eskolaz kanpoko orduetan egiten dute lan ludoteketan eta Gaztelekuan ere. Azpeitian dauden bi ludoteketan 5 urtetik 12 urtera artekoekin egiten dute lan, «harremana sustatu nahi dugu, denen integrazioa helburu», esan du ludotekako Amaia Etxanizek. 206 haur dira ludotekako bazkide, eta horietatik 33 dira atzerrikoak, gehienak neskak.
Gaztelekuan, berriz, 50 bat gazte ibiltzen dira. Baina, kasu honetan, atzerritarren artean bat ezik beste guztiak mutilak dira erabiltzaileak, Maite Ugartek azaldu duenez.
Hauek ere nabarmendu dute hizkuntza dela oztopo nagusia haur eta gazteen arteko harremanean.