Azkoitian, izaera esperimentala eta festa

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko martxoaren 27a

Mursego. Eskaintza zabala izango da martxoaren 29an hasi eta maiatzaren 21era bitartean Azkoitiko Matadeixen. Bebarruko Jardunen barruan, ez da faltako kontzerturik eta ikus-entzunezkorik, urtero bezala. Hasiera borobila izango du, gainera. Izan ere, bi estreinaldirekin ekingo diote zikloari: Mursegok Hiru azken lana aurkeztuko du, eta Iban Urizarrek bere bakarkako proiektua. Bebarruko Jardunek musika esperimentalaren egungo erakusgarrietako bat izan nahi du. «Gure proposamenak beraien izaera esperimentalagatik eta erakusten duten arrisku artistikoengatik entzulego mugatuarentzat direla esan dezakegu, baina gero eta interes handiagoa eta harrera hobea jasotzen ari gara azkenengo jardunetan», diote antolatzaileek. Entzulea soinu berrietara gerturatzeko, Mursegoz eta Urizarrez gain Moby Dick eta Joseba B. Lenoir artistak ere gonbidatu dituzte. Horiek apirilaren 4ean taularatuko dira. Kontzertu zikloari amaiera emateko, Guerrera taldea izango da apirilaren 10ean. Mauna Loa lan luzea labetik atera berri dute galiziarrek, eta bertaratzen direnek bigarren disko horretako blues eta stoner doinuez gozatzeko aukera izango dute. Ikus-entzunekoei dagokienez, Izu Zinezkoak zikloari emango diote hasiera aurten. «Izuak aurpegi asko ditu, eta zineak irudi asko utzi dizkigu. Zuzendari handi gehienak erakarri ditu genero honek». Horietako bat da Lars Von Trier. Horren Riget I eta Riget II izango dira ikusgai apirilaren 2an, 9an, 23an eta 30ean. Apirilaren 25ean, berriz, Zapatilla Films kolektiboaren lehenbiziko lanak ikusi ahalko dira, eta baita ekoizleekin haietaz solastu ere. Bebarruko Jardunek amaitzeko, Zemos O Ze! astea antolatu dute. Zemos 98 eta Zazpi T’erdi kolektiboen dokumentalak eskainiko dituzte astegunetan, eta asteburuan festa bat egingo dute, besteak beste bazkari-tertuliarekin eta performance-ekin. BEBARRUKO JARDUNEK. EGITARAUA Martxoak 29, larunbata - 22:30. Mursego eta Amorante bakarlarien kontzertuak. Apirilak 2, 9, 23 eta 30 - 21:30. Izu Zinezkoak: Las Von Triers zuzendariaren Riget I eta Riget II. Apirilak 4, ostirala - 23:00. Moby Dick eta Joseba B. Lenoir musikarien kontzertuak. Apirilak 10, osteguna - 22:00. Guerrera taldearen kontzertua. Apirilaren 25a, ostirala - 22:00. Zapatilla Film Fest kolektiboaren film laburrak eta solasaldia. Maiatzaren 6tik 11ra - Astean zehar. Zemos O Ze! astea: dokumentalak, bazkaria, performance-ak eta ekintzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide