Maite Franko ipuin kontalaria.
Maite Franko (Irun, 1971) 2004 inguruan hasi zen ipuinak kontatzen, eta ordutik ez da gelditu. Adin guztietako entzuleentzat ditu ipuinak, entzundakoak nahiz berak sortuak. Azkenaldian, gai zehatzen inguruko monografikoak egiten ari da.
Zein dira ipuin bat sexista bihurtzen duten elementuak?
Zerrenda luzea da, baina gauza batzuetan jarri behar dugu arreta. Ikusi behar da, esaterako, protagonista zein den eta emakume eta gizonezkoen presentziaren orekarik ba al den; gizonezkoez nahiz emakumezkoez ematen den irudia zein den, gizonezkoa prestigioarekin eta ospearekin lotuta doan eta emakumea florero baten gisa ala istorioaren parte aktibo bezala agertzen den; etxeko lanak nork egiten dituen ikus dezakegu eta zein doan kirola, zientzia edo abenturazko istorioei lotuta; erabakiak nork hartzen dituen eta zeintzuk diren pertsonaia bakoitzaren sentimendu motak. Aztertu daitezkeen elementu asko daude, eta sarri ez gara konturatzen isil-isilean txertatzen ditugula, nahi gabe. Guk buelta eman diezaiekegu gauza horiei, baina haurrek ez dituzte halakoak hausnartzen.
Txikitan ezagutu izan genituen istorio gehientsuenek bazuten kutsu sexista hori. Gaur egun zein da ipuinen joera?
Liburutegietan aukera zabala dago. Behin kontzientzia hartzen duzunean elementu sexista horietaz, eta saiatzen bazara, posible da alternatibak bilatzea. Egia da garai batean nahiko borroka egin zela sexismoaren kontra eta duela urte batzuetatik hona atzerapauso izugarriak ere izan direla nabari da. Ikastaroan aztertuko dugu arlo hau.
Betiko ipuinei buelta bat eman eta modu ez sexista batean kontatzeko zein teknika leudeke?
Hainbat aukera daude horretarako, baina nik askotan jotzen dut guztiz estereotipatutako pertsonaiak parodiatzera, estereotipoa muturreraino eramaten dut, haurrekin batera egoera horiez barre egiteko. Pertsonaien rolak aldatzea ere beste modu bat da. Garrantzitsuena oreka bilatzea da.
Rol aldaketak zer moduz asimilatzen dituzte haurrek?
Lau-bost urtera arte ez dituzte aldatu nahi izaten betiko rol horiek, baina hortik aurrera hasten dira bertsioekin ere atsegin hartzen eta orduan jada onartzen dute printzesa herensuge ehiztaria izatea eta printzea bere edertasunaz soilik kezkatzen den gizona izatea. Kontuz ibili behar da ordea, zeren eta haurrek ikusi behar baitute kontua ez dela istorio dibertigarriak kontatzea soilik, baizik eta horien atzean badagoela mezu bat: oreka bilatzearen beharra edo norberak nahi duena aukeratzeko askatasuna, esaterako.