2008an erditu zen Huhezinema HUHEZI fakultatean. Euskal Film Laburren Jaialdiak sei urte bete berri ditu, eta kozkortze, sendotzen, ari den arren oraindik gaztea da, freskoa. Urtero izaten ditu aire berriak, antolakuntza ikasle talde berri baten esku geratzen baita. Taldearen gidari, edizioro, Iban del Campo irakaslea da.
Aurtengoa, hortaz, seigarren edizioa da. Martxoaren 26ean emango zaio hasiera jaialdiari eta hiru egun iraungo ditu, martxoaren 28an amaiera emango baitzaio lehiaketa ofiziala eta sari banaketekin. Ekitaldi guztiak Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean izango dira, HUHEZIren ikus-entzunezko fakultatea dagoen herrian. Irabazleek ospatzeko astia ere izango dute, Orly tabernan luntxa eta Behibi blues band taldearen kontzertua egongo baita.
Maialen Sarasua lehiaketa ofizialean
Oriotar bat izango da Euskal Film Laburren jaialdian, Maialen Sarasua. Donde nunca pasa nada lanarekin iritsi da finalera. Istorioa XX. mendean kokatzen da, Araban. Probintzia horretako hiru parrokia erregimen baten agonia irudikatzen duten zenbait gertakariren lekuko izango dira 1969 eta 1976 artean. Erregimeneko burua gaixotu eta ondoren hiltzen ikusita ezintasuna adieraziz, erregimenak errepresioz eta haserre biziz erantzungo dio irekitzen hasi berri den gizarte, lan eta politika egoera berriari.
Istorio hori kontatu du Maialen Sarasuak irudien bitartez, eta istorio honekin iritsi da film labur lehiaketaren finalera. Martxoaren 28an, hortaz, saria eskura dezake oriotarrak.
Huhezinema bera ikasgaia izaki, ikasleek aukera dute graduan zehar ikasitakoa praktikan jartzeko, eta, aldi berean, mundu profesionalarekin harremanak sustatzeko. Euskal Herriko artistentzat, Sarasua kasu, beraien lanak euskaraz egiteko aukera ere bada Huhezinema.