Azpeitiko Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidearen aldeko egun bat antolatu du

Olatz Prat 2014ko martxoaren 26a

Erabakitzeko eskubidearen aldeko eguna antolatu du larunbat honetarako (martxoak 29) Azpeitiko Gure Esku Dago mugimenduak. Eskutik Eskura izenburupean bildu dituzte arratsalde osoan zehar herritarren atseginerako izango diren jarduerak. Helburua garbia da: ekainaren 8an Durango eta Iruñea elkartuko dituen giza-katerako motorrak berotzen joatea eta herritarren atxikimendua bilatzea. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ospakizuna, Inpernupeko Joaldunak taldea herriko kaleak alaitzen hasten denean. Ondoren, 18:30ean, eguneko ekitaldi nagusia izango da Soreasu aretoan. Bertan musika, irudiak, dantza eta poesia elkartuko dira «herritarrek herritarrentzat egindako ekitaldian». Sarrera doakoa izango da. Ekitaldi horretan aurkeztuko dute hainbat herritarren artean egindako kantua eta bideoklipa. Nazio mailako Gure Esku Dago mugimenduak egindako abestiaren bertsio bat da, eta sarean  ikusgai dago jada. Soreasuko ekitaldia amaitzean, 19:30ak aldera, Elektrotxaranga ibiliko da kaleetan zehar. Afalorduan jarraituko du festak, txotxa egongo baita Berdura Plazan. Jatekoa norberak eramanda, sagardoa eta postrea eskainiko dituzte bertan. Sarrerak salgai daude 5 eurotan Azpeitiko Izaro, Jim Clarck, Ametsa, Pikua, Sanagustin, Txarrantxa, Orkatz eta Korrale tabernetan, Zestoako Koiote tabernan eta Azkoitiko hainbat tabernatan. Gauean, 23:00etatik aurrera kontzertuak izango dira Sanagustin Kulturgunean Ezten Giro eta ZeEsatek! taldeen eskutik. Kontzertuetarako sarrera doakoa izangoda. Gaur, azken hitzaldia Bestetik, Azpeitiko Gure Esku Dagok urtarriletik hona eskaini dituen hitzaldi zikloko azken saioa egingo dute gaur. Eneko Bidegain kazetari eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak Ipar Euskal Herria: gaurko egoera eta erronkak hitzaldia eskainiko du, Sanagustin kulturgunean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide