Garikoitz Mendizabal: "Egonaldi bizia eta aberasgarria izan da Hego Koreakoa"

Ane Olaizola 2014ko martxoaren 26a

Garikoitz Mendizabal Unai Urretxo arrasatearrarekin (Garikoitz Mendizabal) Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra Hego Korean izan berri da, Tolosako Txistulari Taldearekin. Larunbatean itzuli zen herrira, bi astetako egonaldia egin ondoren. Aurreikusitako kontzertu guztiak eskaini dituzte herrialde horretan, eta egonaldi «bizia» eta «aberasgarria» izan dela adierazi dio Urola Kostako HITZAri: «Hamabi egunetan bost emanaldi izan ditugu, eta alde batetik bestera ibili gara. Ordu eta kilometro askoko bidaia izan da». «Harrera oso ona» izan dute herrialde horretan. Txistu Symphonic laneko piezak jo dituzte, eta bi kontzertu eskaini ditu zestoarrak hango Chun Cheon Philarmonic Orchestra eta Gyong-book Philarmonic Orchestra orkestrekin. Milaka lagunen aurrean aritu da: «Lehenengo kontzertua izugarria eta jendetsua izan zen. 1.200 pertsonekin, aretoa beteta zegoen». Hango kaleetan bere saioak iragartzen lau metroko iragarkiak ikusi ahal izan ditu Mendizabalek, eta hori ere esperientzia berria izan du; «jendea oso beroa izan da. Argazkiak eta sinadurak eskatu dizkidate... Oso desberdina izan da. Ohituta ez gauden egoera bat bizi izan dut; autoestimua igotzeko ona izan da», dio barrez. Beste hiru kontzertu formatu txikiagoan eskaini dituzte, bakoitza bere berezitasunekin. Hasiera batean Dokdo irlan eskaintzekoa ziren saioetako bat, baina Hego Koreak eta Japoniak dituzten gatazken eraginez, Ulhongo irlan eskaini dute azkenean: «Japoniak dio Dokto berea dela, eta Hego Koreak berdin. Gatazka dago bien artean, eta agintariek nahi zuten irla hartan argazkia atera eta kontzertua ematea. Espainiako enbaxadak, berriz, esan zigun arazo diplomatikoak sor zitzazkeela horrek, eta ez joateko eskatu zigun. Egoera zail batean aurkitu nintzen, eta gu musika egitera joan ginela esan behar izan nien; kontu horietan sartzerik ez nuela nahi. Kostata, baina ulertu zuten azkenean». Gorabehera horiek anekdotatzat ditu Mendizabalek, azkenean egoera bere onera etorri eta Ulhongon izan zirelako. Hango militarrentzako jo zuten kontzertua, eta hura ere «berezia» izan zela adierazi du. Gainontzeko emanaldiak pribatuak izan dira, bata Puzang hirian eta besteak, Espainiako enbaxadak antolatuta, Seulen. Azken honetan, gainera, euskaldun batzuekin egoteko aukera izan zuten: «Ikaztegieta eta Legazpiko apaizekin egon gara; haientzat oso hunkigarria izan zen gurekin egotea». Musika saioez gain, ordea, Zestoako eta Tolosako enbaxadore kultural lanak ere egin dituzte Hego Korean. Besteak beste, Zestoako eskaintza kulturalaren eta turistikoaren berri eman diete hango agintariei. Herri bat eta bi errealitate Bidaian bi Hego Korea ezagutu dituzte; sakonekoa eta hiritarra. Hain zuzen, herrialdeak dituen kontrasteak eman dio atentzio gehien zestoarrari; «hiri handiak mendebaldarrak bihurtuta daude, baina gainontzeko lekuak oso desberdinak dira. Asko zaintzen dute gastronomia, ez dago ia gizentasunik, Seul eta halako hirietan ez bezala». Horrez gain, hango ohiturek eta jendearen adeitasunak harritu du; «beti irribarre batekin erantzuten dizute, eta ikusitako bakoitzean agurtzen zaituzte; errespetu falta gisa ikusten dute norberaren etxeko penak eta sentimenduak kalean azaleraztea»

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide