Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
EAJk hondakinen gaikako bilketa tasak hobetzeko proposamen bat aurkezteko eskatu dio Zarauzko udal gobernuari. Udalak Hondakinen Mahaia «bere mesedetan» erabili izana salatu du EAJko zinegotzi eta mahai horretako ordezkari Jesus Aranak: «Bere gaitasunik eza ezkutatu du, ardurak saihesteko eta propaganda egiteko. Arrakasta bailitzan aurkeztu dute, baina begi bistakoa da halamoduzko bukaera izan duela». Mahaiaren ibilbidea amaitu zenetik bi hilabete baino gehiago igaro direla ohartarazi du, eta EH Bilduk bertan adostutako puntuak garatzeko egitasmorik ez duela aurkeztu esan du, «ezta %70eko gaikako bilketa tasara iristeko ere».
Nabarmendu du hondakinen gaian udal gobernuaren kudeaketa «ondorio oso kaltegarriak» izaten ari dela, «denbora eta diru ederrak galdu» baitira sentsibilizazioaren eta gaikako bilketaren alde egiten jarraitzeko: «Hiru urte beteko ditu Bilduk gobernuan, eta denbora horretan ez da aurrerapen aipagarririk egin. Hasieran bere aldarte inposatzailearen erruz eta, gero, ez duelako asmatu ihes egin dion afera bideratzen. Zarautzen atez atekoa inposatuko zutela iragartzea izan da egin duen ekarpen esanguratsu bakarra».
Hori iragarri zuenetik bi urte pasatu direla dio, eta «orduko puntu berberean» jarraitzen duela, «eta are okerrago, denbora eta diru asko galdu dira edukiontzietan hobekuntzarik egin gabe eta sentsibilizazioan sakondu gabe». Halaber, kritiko agertu da Urteta zabortegiaren inguruan egin duten «iragarpen triunfalistarekin»: «Alkatea eta aldundiko ordezkariak hedabideetan azaltzen dira halako batean, itxiera lau haizeetara iragarriz, eta albisteari hozteko denborarik utzi gabe, alkateak beste prentsaurreko bat ematen du, oraingo honetan Azpeitiko eta Beasaingo alkateekin batera, esanez zabortegia ez bada ixten besteen erruagatik izango dela. Bada garaia Bilduk bere ardurari heltzeko». Hala, udalak konpromisoak betetzeko borrokatu behar duela iritzi dio.
Urteta «baldintzarik gabe» itxi dezan eskatu du EAJk; izan ere, hori itxi ahal izateko Bilduk dituen bermeen inguruan zalantzak ditu: «Haiek boterera iritsi aurretik onartutako hondakinen kudeaketa proiektua geldiarazi besterik ez dute egin, inolako alternatibarik aurkeztu gabe. Interesatzen zaien akordioaren zatia besterik ez dute errespetatu, Zarautzera dagokiona baino zabor gehiago bidaltzea, alegia. Ez dugu ikusten azpiegitura eta finantzazio egitasmo seriorik, eta oraindik ez dute esan zabortegi berria non zabaldu nahi duten», salatu du.