Iñigo Zabala: "Egun hauetan zertxobait entrenatu eta atseden hartzea da garrantzitsuena"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko martxoaren 25a

Igandean Orion mendi lasterkari mordoa bilduko da Orioko IV. Mendi Lasterketa korritzeko. Ibilbide zoragarria dela nabarmentzen dute lehendik egina dutenek, kirolaz eta naturaz gozatzeko aukera paregabea, alegia. Iñigo Zabala Xabala (Getaria, 1973) antolatzailea lasterketaren nondik norakoez aritu da, eta hainbat gomendio eman dizkie parte-hartzaileei. Dena prest al duzue igande honetako hitzordurako? Horretan ari gara, eta dena prest dugu dagoeneko. Garrantzitsuena ibilbidea garbi izatea da, eta esan behar dugu bikain dagoela zirkuitua. Ibilbideari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke? Ibilbide nahiko gogorra da. Ez du gorabehera handirik, baina gogorra egiten da. Orion ez dugu mendi handirik, bere orografiagatik mendi txiki asko dugu eta horietan gora eta behera ibiltzeak lasterketa asko gogortzen du, aldapatxo txiki asko baititu lasterketak. Lehen zazpi kilometroak dira gogorrenak. Lasterkariek zati horretan indarrak gorde beharko dituzte, hori pasa ondoren beste 13 kilometro izango baitituzte aurretik. Korrikalariek buruko lanketa egin beharko dute lehen zati horretan. Beraz, parte-hartzaileek ondo prestatuta joan beharko dute lasterketara, ezta? Noski. Lehen postuetan ibiltzen diren lasterkariak oso-oso ondo prestatuta joango dira; eta herri mailako korrikalariek lasaiago hartuko badute ere, ondo prestatuko zuten lasterketa. Ez da paseotxo bat, proba prestatu ez duenak ezin ditu mendian gora eta behera 20 kilometro egin. Gainera, lasterketak bi kontrolgune izango ditu. Zazpigarren kilometrotik beranduenez ordubete eta 15 minututan pasa beharko da, eta 13. kilometroa bi ordu eta 25 minututan. Izan ere, kalkulatuta dugu, 13. kilometrora denbora horretan iritsi ez denak zaila izango duela helmugara hiru ordu eta erditan iristea. Lasterketek ere amaiera ordua eduki behar izaten dute, eta denbora horiek markatu ditugu. Eguraldi kaskarra dabil azken egunotan. Zer esaten dute iragarpenek? Iragarpenek diote ostegun aldera arte eguraldi euritsua egingo duela eta hortik aurrera hego haizea sartuko dela eta eguzkia azalduko dela. Eguraldi ona eman dute. Bi egunetan ateri izaten badugu, iganderako ibilbidea korrika egiteko oso egoera onean egongo da. Dena dela, izango dira zati batzuk lokaztuta izango direnak. Egun gutxi falta dira lasterketarako. Zer hartu behar dute kontuan parte-hartzaileek datozen egunetan? Egun hauetan zertxobait entrenatu eta atseden hartzea da garrantzitsuena. Etxeko lanek eginda egon behar dute dagoeneko, eta alferrik da azken egunotan entrenamendu ikaragarriak egitea. Horretaz gain, lasterketa baino lehen eta lasterketan zehar jatea eta edatea ere ezinbestekoa da. Pena merezi du 2-3 minutu anoa guneeetan pasatzea, horrela lasterketa askoz hobeto egiten baita eta hobeto errekuperatzen baita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide