Zarauzko kultur agenda osoa, eskura

Aritz Mutiozabal 2014ko martxoaren 26a

Zarauzko kultur mahaiko azpibatzorde baten bilera. (Zarauzko Udala) Zarauzko Kultur Mahaiaren hiru azpibatzordeak eta bilera egunak zehaztuta, joan den astean hasi ziren biltzen herriko kultur taldeak, eragileak eta ekitaldietako arduradunak udal ordezkariekin eta teknikariekin. Martxoaren 17an, esaterako, agendaz, koordinazioaz eta komunikazioaz arduratuko den azpibatzordea aritu zen lanean; besteak beste, Literaturia, Artezaleak, Hesolak, Zarautz Abesbatza, Zazpi Kultur Aretoa, Zarauzko Argazkizale Elkartea eta Modeloren Lagunak elkarteko kideak izan ziren, Gari Berasaluze Kultura zinegotziarekin eta Turismo Bulegoko zein Kultura Saileko langileekin batera. Bilerak bere fruituak eman ditu, eta herriko agenda komunikatiboa lau haizetara zabaltzeko bideak finkatzeaz gain, abian jarri dituzte jada. Berasaluzek nabarmendu zuenez, «komunikazioan eta agenda bateratuan du egundoko erronka Kultur Mahaiak, kultur ekitaldietan zeharo aberatsa den herrian eragile bakoitza bere aldetik aritzen delako». Horretarako, herriko ekitaldi eta jarduera guztien informazioa jaso ahal izateko, kulturmahaia@gmail.com posta elektronikoa sortu dute. Posta horretan jasotako informazio guztia hiru euskarritan bideratuko du udalak herritarrengana: sare sozialetan, ohiko eskuorrietan eta webgune batean, hain zuzen ere. Agenda egunero-egunero berritzen dute, nobedadeen informazioa eta asteko egitarauaren berri emanez sare sozialetan. Horretarako, Kultur Mahaiak Twitter (@kulturmahaia) eta Facebook (facebook.com/kulturmahaia) atariak sortu ditu. Hilean behin, gainera, eskuorri edo triptiko bat argitaratuko dute paperean;  UROLA KOSTAKO HITZA arduratuko da hilero haren diseinuaz eta kudeaketaz, eta lehen triptikoa etzi kaleratuko dute. Eskuorri hori herriko hainbat leku publikotan banatuko dute, eta sare sozialetan ere zabalduko dute. Azkenik, urte osoko kultur agenda jarraitzeko aukera ere emango dute aurrerantzean. Jada ikusgai dago helbide honetan: ttiki.com/62800. Gisa horretan, edozein kultur eragilek edozer antolatzerakoan gainerakoek data horietan zerbait antolatu duten ala ez ikusi ahal izango dute. Astelehenean hurrengoa Kultur Mahaiaren bigarren azpibatzordearen bilera ere joan den astean egin zuten. Auzoetako jai batzordeak, Gurekin Jai, udala eta jaietako hainbat eragile bildu ziren, batzorde honen lehen egitekoez hitz egiteko: jai ereduaren inguruko hausnarketa, jaietarako dekalogoaren sorrera, eta egitarauen lanketa eta koordinazioa. Datorren astelehenean, martxoaren 31n, bilduko da arteari, ondareari eta azpiegiturei buruzko azpibatzordea 18:00etan, Etxezabalan. Bertan hizpide izango dituzte, besteak beste, kultur azpiegiturei buruzko azterketa, itsas-ondarea eta erakusketak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide