Gaur egun Zumaian 191 familiak egiten dute konposta etxean edo auzoan. Urola Kostako Udal Elkarteak bide horretan sakondu nahi du, hondakin organikoa etxe ondoan konpost bihurtuta “ez delako inora garraiatu behar, ez delako kudeatu behar, eta ez duelako kosterik eragiten”. Etxean edo auzoan konposta egin nahi dutenek eskaera egin dezakete 943 554874 telefonoan edota konposta@urolakosta.org helbide elektronikoan. Gainera, Udal Elkarteko presidente Amaia Guruzetak aurreratu du Zumaiako hondakinak biltzeko sistema berria udarako martxan nahi dutela. Dagoeneko 87 dira etxean konposta egiten duten familiak Zumaian, eta beste 104 auzokonposteko guneak erabiltzen dituztenak. Sei gune daude guztira Zumaian, eta zazpigarren bat sortzeko aukera zabaldu du Udal Elkarteak. Izan ere, aurrerantzean Udal Elkartea arduratuko da auzokonposta egiten duten taldeei zerbitzua eskaintzeaz. “Izena emateko epea zabaldu dugu, eta izena ematen dutenen arabera erabakiko da zein izan daitekeen lekurik egokiena gune berria jartzeko”, azaldu du Amaia Guruzetak. Zumaiako ingurumen zinegotzi Aitor Leizak jakinarazi duenez, iaz martxan jarri ziren guneetan sortutako konposta kalitate oso onekoa da: “Puntanueta eta Aita Marikoak aztertu dira laborategian eta kalitate oso ona eman dute”. Udal Elkarteak eskualde osoan jarriko du indarrean kanpaina, baina Zumaiatik hasiko dira. Lehenik eta behin, edukiontzietara botatzen ditugun hondakinen karakterizazioa egingo dute, martxoaren 27an, Amaiako plazan. Goizean zehar [...]