Euripean ere hondartza txukunduz

Karkara.eus 2014ko martxoaren 25a

30 lagun inguru bildu ziren arren, hondartzaren garbi izatea guztion esku dagoela azpimarratu zuten bertaratutakoak

11:00. Larunbata. Euria goitik behera, gelditu gabe. Haizea eta hotza. Hondartzan zikinkeria asko eta 35 bat pertsona garbitzeko asmot...

30 lagun inguru bildu ziren arren, hondartzaren garbi izatea guztion esku dagoela azpimarratu zuten bertaratutakoak

11:00. Larunbata. Euria goitik behera, gelditu gabe. Haizea eta hotza. Hondartzan zikinkeria asko eta 35 bat pertsona garbitzeko asmotan. Eguraldia medio, lehendabizi garbitasunaren garrantziaz aritu ziren, aterpean. Bizipenak elkarbanatu zituzten, iritziak. Euriak deskantsua hartu bezain pronto basura poltsak banatu eta zakarrez betetzeari ekin zioten.

Andoni Fernandez: Etorri ez direnentzat eredu izan behar dugu

Garbiketa egitera atera baina lehen, Andoni Fernandezek gidatutako eztabaida irekia izan zuten bertaratutako guztiek. Han bildu ziren guztien xedea berdina zen: hondartza garbitzea. Kezka ere ildo berekoa: zikinkeria gehiegi egiten dugu eta gutxi garbitu. Gaiaren inguruko bizipenak, ordea, bakoitzak berea zuen. Fernandezen helburua bakoitzak berak bizitakoa elkarbanatzea zen, eta guztion artean kontzientziari eragitea.


                                         hondartza garbiketaº


Orioko hondartzaz gain, inguruko mendiak ere agertu ziren bizipenetan. Pena eta tristura sentitzen zuten bertaratutakoek, mendi buelta egitera joan eta larreetan zikinkeriak aurkitzean. Zaborra jasotzea lan karga ez dela azpimarratu zuten, egin beharrekoa baizik. Derrigorrezkoa. Baina egiten ez denez, zaborra sortzen den tokian uzten denez, gutxi batzuk guztion zaborra jaso behar dutela gaineratu dute.

Orduan, Fernandezek argi utzi zuen beraiek eredu izan behar dutela. Egun, tendentzia, zaborrari kasurik ez egitea dela. 5etik 1ek soilik botatzen badu zakarra dagokion tokira, gainontzeko guztiek ere lurrera botako dutela gehitu du. Egoera alderantzizkoa balitz, 5etik 1ek soilik botako balu lurrera, ikasi eta hurrengoan zakarretara botako lukeelakoan dago. Baina, oraingoz, zaborra gizakiari partida irabazten ari zaiola diote bertaratutakoek, xake egoeran daudela. Eta jake-matea eman ez dadin, egoerak aldatu egin behar duela. Hortaz, eredu izaten jarraitzea eskatu die Fernandezek eta natura zaindu dezatela.

Aitor Francesena: Gure ondorengoak gure berdinak izan ez daitezen

Historia gogorra da Francesenak bizitakoa. Glaukoma gaitzaren ondorioz 14 urterekin begi batetik ezin ikusi geratu zen eta bestetik ikusmena asko galdu zuen. 2012an, beste oztopo bat gainditu behar izan zuen, ikusmena guztiz galdu baitzuen. Aurre egiteko indarra eman diona, besteak beste, Surfa da. Hortaz, agerikoa da naturarekiko duen lotura; loturetatik askatzeko bidea bezala erabili baitu berak. 

hondartza garbiketa

Francesena ere izan zen hondartza garbiketan, eta garbiketa aurreko eztabaidan argi utzi zuen zeinen garrantzitsua den natura zaintzea. Bere generazioak ia kasurik egin ez diola aipatu du, eta bertako gazteei eskatu die beraiek bezalakoak ez izatea, beraiek egin duten akatsetik ikastea. Izan ere, aldaketa beharrezkoa ikusten du Francesenak.

Oro har, euriak lagundu ez arren, jende dezente bildu zen Orioko hondartzan. Etorkizunera begira partaidetza handitzea da beraien nahia, hondartza denok erabiltzen baitugu; hondartza denona baita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide