Kontrol informatiboak egingo ditu Zarauzko Udaltzaingoak autoetako segurtasuna bermatzeko

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 25a

Zarauzko Udaltzaingoa kontrol informatiboak egiten ari da herriko ikastetxe inguruetan. Horien helburua ikasleak jasotzera joaten diren gurasoen autoak  zein autobusek segurtasun neurriak betetzen dituzten ala ez egiaztatzea da. Bereziki, haurrak eusteko gailuak  dituzten ala ez begiratuko dute udaltzainek. 117. artikuluaren arabera,  12 urtetik beherako haurrek 1,5 metro baino gutxiago neurtzen badute lotuta joan behar dute aurreko eserlekuetan. 12 urtetik gora dituztenek edota 1,5 metro baino gehiago neurtzen dutenek  uhala jartzearekin nahikoa izango dute. Atzeko eserlekuetan eseri ahal izateko, eutsigailu bereziak izan beharko dituzte autoan 1,5 metro baino gutxiago neurtzen duten umeen gurasoek. Autoek atzeko eserlekuetan uhalik ez badute, hiru urtetik beherako haurrek ezingo dute bertan bidaiatu. Hiru urtetik gorako haurrek 1,35 metro baino gutxiago neurtzen badute eutsigailu bereziekin lotuta bidaiatu ahalko dute autobusetan. Neurri hori baino handiagoak badira, berriz, nahikoa izango dute uhala lotzearekin. Legediaren berri emango diete udaltzaingoek gurasoei zein autobus gidariei; horretarako diptiko bat prestatu dute. Horrekin batera, arauok betetzen dituzten ala ez gainbegiratuko dute, eta betetzen ez diren kasuan hori egiteko eskatu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide