Zumaiako Ingurumen zinegotzi Aitor Leitza eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzeta. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena dira hondakinak modu jasangarrian kudeatzeko giltza. Urola Kostako Udal Elkarteko eta Zumaiako Udaleko arduradunek jakin badakite bide horretan garrantzitsua dela herritarrak sentsibilizatzea eta horretarako Etxean eta Auzoan Konposta Egitekio Plana aurkeztu dute Zumaian. "Planaren helburua erabiltzaile berriak lortzea da, etxean konposta ontzia jartzeko aukera dutenak etxean konposta egitera animatu nahi ditugu. Horretaz gain, egun martxan dauden auzo konpostagailuen jarraipena egin nahi dugu eta eremu berriak martxan jarri" azaldu du Amaia Guruzeta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak.
Hiru lan ildo jorratuko dituzte Zumaian datozen astetan. Alde batetik, ostegun goiz partean Amaia plazan herriko bi edukiontzi irauli eta bertan dagoena azertuko dute jendaurrean. "Horrekin zumaiarrak errefusaren edukiontzira zer nolako hondakinak botatzen ditugun ikustea nahi dugu eta horietatik zeintzuk eta zenbat prebenitu edo birziklatu daitezkeen ohartarazi nahi ditugu herritarrak". Izan ere, Guruzetak adierazi duenez, nahiz eta birziklapen tasak gora egin, errefusaren edukiontzira birziklatu daitezken hondakin "asko" botatzen dira oraindik.
Bestetik, etxean konpostagailua jartzeko aukera duten familiak egitasmoan parte hartzera gonbidatuko dituzte. "Bereziki landa eremuan egingo dugu lanketa, 2013an udal elkarteak egin zuen potentzialtasun azterketa abiapuntutzat hartuta". Egun Zumaiako 87 familiak egiten dute konposta etxean.
Auzokonposta egitasmoa ere indartu nahi dute Urola Kostako Udal Elkarteak eta Zumaiako Udalak. Horretarako alde batatetik, tenikari batek erabiltzaileen zalantzat argituko ditu eta auzo konpostagailuen jarraipena egingo du. Izan ere, egun Zumaian auzoan konposta egiteko 6 eremu daude martxan eta denera 104 familiak parte hartzen dute. Horretaz gain, Zumaiako Udaleko Ingurumen zinegotzia Aitor Leitzak azaldu du "auzoan konposta egiteko gune berri bat jartzea" aurrikusi dutela. "Izena emateko epea zabaldu dugu eta interesa duten herritarren arabera erabakiko dugu gune berria non jarriko den" zehaztu du.