Karmele Alberdi Turismo zinegotzia eta Igor Aizpitarte eta Asier Aldalur Zurekineko kideak. Aritz Mutiozabal
Zurekin Zarauzko Ostalari Elkarteak Pintxo Astea antolatu du hirugarren urtez datozen egunetarako. Aurten hainbat berrikuntza izango dela iragarri du Turismo zinegotzi Karmele Alberdik. Nabarmenena, gaur aurkeztu duten Pintxo Bidea egitasmoa da. Herriko 19 tabernatan zehar ibilbide bat proposatu dute, eta mapa bat osatu. Plano edo mapa horretan tabernaren kokalekua agertzen da, eta baita lokal horietako «pintxo izarra» zein den ere, euren osagarri zein prezioarekin. Lau hizkuntzatan kaleratu dute mapa: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Sakana, Charly, Garaban, Itxas Lur, Napar Zahar, Txiki Polit, Gau Txori, Itur-Ondo, Arkupe, Iruña, Otamendi, Tivoli, Naparrak, Itxaso, Euskalduna, Salbide, Itzala, Orbela eta Alai dira tabernak.
Mapak taberna bakoitzean, herriko ostatuetan eta Turismo Bulegoan bertan eskuratu ahalko dira. Horrez gain,
www.turismozarautz.com/pintxobidea webgunea sortu dute, unean bertan sakeleko telefonoan eskura izateko ibilbideari buruzko informazioa.
Pintxo berezi horiek eskatzerakoan itsaskor bana emango diete tabernariek bezeroei, eta bost biltzean mapa bertan itsatsi eta Turismo Bulegoan utzi beharko da, edo postaz bidali (Nafarroa kalea, 3). Izan ere, parte-hartzaileen artean bi lagunentzako afariak eta Zarautzen egonaldiak zozkatuko dituzte hilabetero.
Apirilaren 1ean eta 3an, berriz, pintxo tailerrak egingo dituzte Kayua elkartean, Barren Plazan. Aiala Sukaldaritza Eskolako profesionalek gidatuko dituzte eta, besteak beste, lehenbiziko mailako osagaiekin hiru pintxo berezi egiten ikasiko dute parte-hartzaileek Zurekin elkarteko Igor Aizpitartek adierazi duenez. «Mahai gainean kalitatezko osagarriak jarriko dituzte eta parte-hartzaileek horiekin esperimentatuko dute», zehaztu du Zurekineko Asier Aldalurrek. Herritarrek sorkuntza prozesuan parte hartzea eta teknika berriak barneratzea da tailerron helburua.
Edonork hartu ahalko du parte ikastaro horietan. Turismo Bulegoan eman beharko da aurrez izena, eta saio bakoitzeko 15 euro ordaindu. Jakinarazi dute tokia mugatua dela; tailerreko gehienez 15 lagunek hartu ahalko dute parte. 18:30ean izango dira tailerrok, eta ordu eta erdi inguru iraungo dute.
Larunbatean Ardo Eguna
Bestetik, martxoaren 29an Ardo Eguna ospatuko dute. 12:00etatik aurrera «tankera askotako» 15 ardo mota dastatu ahalko dira Musika Plazan; cava,ardo ondua, urtekoa, askotariko jatorritakoa, zuria, gorria eta beltza, besteak beste. Sei euro ordainduz gero, edalontzia eskuratu ahalko dute herritarrek eta horrekin nahi adina ardo edan. Gainera, urdaiazpiko zein ardi nahiz ahuntz gazta pintxo bat ere eskuratuko da prezio horren barruan. Pintxo gehiago nahi dituztenek bi euro gehiago ordaindu beharko dituzte bakoitzeko. Gainera, egun horretan egingo dute Pintxo Bidearen lehenbiziko zozketa.