Orioko eta Getariako kostaldean lanak abiatuko dituzte

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko martxoaren 25a

Espainiako Gobernuko Ingurumen eta Kosta Zuzendaritzak 267.000 euro eta 327.000 bideratuko ditu hurrenez hurren Getariako eta Orioko kostaldeak txukuntzeko. Alde batetik, 267.000 euro otsaileko eta martxoko itsas denboraleek Getarian Malkorbe hondartzako arranplan eta beste hainbat eremutan sortutako kalteak konpontzera bideratuko dituzte. Getariako alkate Nika Lertxundik azaldu duenez, «gustura» daude gai horretan Espainiako Gobernua izaten ari den jarrerarekin. «Itsas denboralearen ondorioz gu baino kalte larriagoak jasan zituzten herri ugari daude Gipuzkoan, eta horregatik guk esan genien lasai ibiltzeko, bazirela behar gehiago zuten herriak», zehaztu du. Dena dela, kalteak konpontzeko diru sailak onartu ditu Espainiako Gobernuko Kosta Zuzendaritzak, eta Lertxundiren esanetan, «uste baino lehengo konponduko da dena». Hondar mugimenduak Orion Bestetik, Orion, 327.000 euroko diru saila bideratuko dute, Orioko hondartzan beharrezkoak diren hondar mugimenduak egiteko. Orioko Udaleko arduradunek jakinarazi dutenez, orain arte udalaren eskumena izan da uda sasoirako hondartza prest izateko lanak egitea. «Gaiaren inguruan bilera pare bat egin genituen udalak eta Espainiako Ingurumen eta Kosta Zuzendaritzak, eta adostu genuen beraiek hartuko zutela hondar mugimendu horiek egiteko ardura», azaldu du Beñat Solaberrieta Orioko alkateak. Udaleko eta Kosta Zuzendaritzeko talde teknikoak elkarlanean ari dira eta, hondartzan lanean ariko direla aprobetxatuz, «Orioko hondartzaren egoerari buelta emateko lanen bat egingo dute. Horretarako, azterketa sakon bat egiten hasiko zirela agindu zigun Kosta Zuzendaitzak, denboralearen eragina aprobetxatu zitekeelako hondarraren granulometria aldatu zezakeen aktuazio piloto bat martxan jartzeko», aurreratu du Solaberrietak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide