"Pozik" daude Getariako Menditxoko bizilagunak, etxeetara itzultzeko baimena dutelako

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko martxoaren 25a

Menditxoko bizilagunak beren etxeetara sartzen. (Egilea: Aiora Larrañaga) Egun garrantzitsua izan zen ostirala Getarian, urteko lehenengo berdela portura sartzeaz gain, Menditxoko bizilagunek 10 hilabeteren ondoren beren etxeetara itzultzeko baimena eskuratu baitzuten; batagatik edo besteagatik, «gustura» ziren herritarrak. Maiatzaren 5ean Menditxo erakinaren azpiko labarra erori zenetik Iribarrena kaleko 9 eta 11 eskaratzeetako bizilagunak beren etxeetatik kanpo izan dira. «Ia hamaika hilabete dira etxetik irten genuela, eta oso pozik gaude», adierazi zuen Rafa Etxeberria bizilagunak. Hamabi familietatik batzuk lehenbailehen lekualdatzen hasiko dira, baina besteek lasai hartuko dutela adierazi dute, oraindik ere labarra egonkortzeko lanen erdia falta baita. Bizilagunentzat 10 hilabete «luze» izan dira atzean gelditu direnak. «Lehen bi faseetako lanak azkar egin dituzte. Hasiera batean aurrikusi zutena baino 15 egun lehenago amaitu dituzte. Obra oso ondo eginda dagoela ikusten da, gainera», azaldu du Etxeberriak. Ildo horretatik, bizilagunei garrantzitsua iruditu zaie arazoa konpontzeko Getariako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ados jarri izana. «Lanak finantzatzeko ardura beren gain hartu dute: nor bere aldetik tiraka hasi izan balitz, ez ginatekeen egoera honetan izango». Dena dela, bizilagunen iritziz bidea «ez da erraza izan». Salaketa ere egin dute: «Etxetik atera behar izan genuenetik, ez dugu inongo laguntzarik izan. Familia batzuk beste etxebizitza bat alokatu behar izan dugu, eta ez dugu hori ordaintzeko laguntzarik izan». Jesus Mari Egibar eta Amaia Azpillaga senar-emazteak ere «pozik» dira. Etxean egin behar dituzten aldaketa batzuk egin eta bi asteberen bueltan etxera itzultzeko asmoa dute. «Hamar hilabete luze izan dira. Urduritasuna izan da nagusi denbora honetan. Hasieran ez genekien zenbat denbora izango ginen etxetik kanpo, eta urtebete edo bi urte izango zirela esan zigutenean kolpea hartu genuen». Konponbidea bazuela esan zieten, baina denborak errespetua ematen zien bizilagunei. «Zorionez, Getariako alkate Nika Lertxundi buru-belarri lanean ibili da, lan handia egin du eta bihotzez eskertu nahi diogu. Getariako seme Joxe Mari Silvetiri hainbat erakunderekin bitartekari lana egin izana ere eskertu nahi diogu, prozesua azkartu egin baita berari esker». Oro har une gazi-gozoak igaro badituzte ere, bizilagunak pozik dira laster normaltasunera itzultzeko aukera izango dutelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide