Urolab taldearen martxoko egitasmoa, ostiral honetan Gaztetxearekin eskutik

Olatz Prat 2014ko martxoaren 24a

Urolan ekintzailetasunaren kultura bultzatu nahi duen Urolab talde irekiak urtarrilean ekin zion bere bideari eta, hasieran zehaztu bezala, hilero saio berezi bat egiten ari dira. Ostiral honetan izango da 12 hilabete, 12 ekintza proiektuaren hirugarren saioa, eta Azpeitiko Gaztetxearekin elkarlanean antolatu dute. Eskintzailetasunaren inguruan eztabadetzko mahai ingurua da oraingoan antolatu dutena. Ekintzaile ezberdinen jarduera ezagutzeaz gain, gai horren inguruko alderdi ugari landuko dira: bailarako ekintzailetasunaren egoera, ekintzailetasunak lanpostuen sorreran duen eragina edota ekintzailetasunaren kultura bultzatzea, esaterako. Ostiralean, beraz, 19:30ean elkartuko dira ekintzaileak, eta dei egin diete parte hartzeko interesa duten guztiei. Pintxo eta Mintzo izena jarri diote saioari, izan ere mokadutxo bat egiteko aukera izango baitute bertaratzen direnek 3 euro ordainduta. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute urolabtaldea@gmail.com emailaren bidez edota Gaztetxean bertan. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.urolab.eu webgunean topa daiteke. Hona hemen urtarrileko eta otsaileko saioen bideoak, Urolab-en eskutik: [yframe url='www.youtube.com/watch?v=rwdopLPv4Ls'] [yframe url='www.youtube.com/watch?v=4IExmfVq2pU']    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide