Hogeita hamar urte bete dira Espainiako poliziak Pasaian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituenetik, tartean Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak. Auziak argitu gabe jarraitzen duela gogoratu dute haien senide, lagun eta herritarrek, eta erantzukizunak exijitu dituzte Azpeitian egindako ekitaldian: "Pasaian gertatu zena salatzeko eta argitzeko lanean jarraitzeko prest gaude, haiek hori eta askoz ere gehiago merezi dutelako".
Larunbatean egin zuten ekitaldia Azpeitiko Frontoi Txikin, eta 200 lagun baino gehiago elkartu ziren han. Kurro eta Pelitxon biografia eta Pasaiako segadaren nondik norakoak azaldu ostean, Aritz Etxeberria Ministrok bertsoak bota zituen. Lepoan hartu eta segi aurrera abestia kantatuz amaitu zuten ekitaldia.
Larunbateko ekitaldiaz gain, joan zen aste osoan zehar gertaeraren inguruko erakusketa egon zen Betharrametan, senide eta lagunek antolatuta. Ostiral gauean 113 suziri bota zituzten, lau hildakoek jasotako bala hainbat.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide