Tigabeak eta Opoitiptipek irabazi dute Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia, eta azken honek marka hautsi du

Ane Olaizola 2014ko martxoaren 22a

Diego Garciaren omenezko Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia egin dute arratsaldean; eguraldiari aurre eginez ehunka lagun atera dira lasterketan, eta proba historikoa egin dute. Izan ere, marka berria ezarri du Alex Opotiptip keniarrak, ordubete baino gutxiago behar izan baitu helmugara iristeko. Hain zuzen, 59 minutu eta 58 segundutan egin du maratoi erdia, eta Edwin Kipsang keniarrarekin borroka bizia izan du; segundu batera helmugaratu da Kipsang. Hirugarren postuan Goitom Kifle eritrearra (1:00:20) geratu da. Emakumezkoetan ere lehia bizia izan da Marta Tigbea eta Bornes Jepkiruiren artean, baina Tigbeak hartu dio aurre. Biak ordubete, hamar minutu eta hogeita hamabi segundutan helmugaratu dira. Hirugarren postuan, berriz, Malika Asahssah marokoarra geratu da (1:11:59). Helmugara iritsi diren lehenengo azkoitiarrak, berriz, Pedro Muñoz eta Begoña Vaqueriza izan dira. Lehen hau eskualdeko azkarrena izan da, 25. postuan sailkatuta. Azpeitiarren artean, berriz, Nerea Azpiazu eta Xabat Mancisidor izan dira azkarrenak. Antolatzaileen arabera, 900 lagun inguruk hartu dute parte maratoi erdian. Maratoi erdia ez ezik, ordea, lasterketa herrikoia ere egin dute 250 lagun inguruk; gizonezkoetan, Endika Donnay nagusitu da, eta bigarren eta hirugarren egin dute Aitor Madrazo eta Agustin Ruiz azkoitiarrek, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Nerea Egia nagusitu da, eta haren atzetik helmugaratu da Ainhoa Conde azkoitiarra. Hirugarren postua lortu du Nerea Arriaga oriotarrak.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide