Uda sasoirako edo urte osorako lanpostuak betetzeko lan-poltsa ireki du Urola Kostako Udal Elkarteak. Izan ere, elkarteak bere lan-poltsa kudeatzen du eta eskualdeko enpresei zerbitzua eskaintzen die. Zerbitzu hau %100 diruz lagunduta dago, lan-poltsa horren bidez dituzten langileen premiak asetzeko.
Udal elkarteak zerbitzu osoa eskaintzen du: lan-eskaintzaren kudeaketa, hautagaien bilaketa eta hautagairik egokienen curriculum bidalketa. Udaberri eta uda sasoiari begira langileak behar dituzten merkataritza eta ostalaritzako establezimenduek zerbitzu hori erabili dezakete, hortaz, horri begira ireki dute lan-poltsa.
Bi eratara eman daiteke izena. Batetik, zuzenean Udal Elkartearekin harremanetan jarriz, bai telefonoz –943 89 08 08–, bai emailez lanpoltsa@urolakosta.org helbidera. Bestetik, on-line plataformaren bitartez egin daiteke eskaera, www.enplegua-urolakosta.org orrialdean.