Pasaiako Segadaren 30. urteurrenean auziak argitu gabe jarraitzen du

Olatz Prat 2014ko martxoaren 21a

Bihar 30 urte beteko dira Espainiako poliziak Pasaiako portuan Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak hil zituela. Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak ziren, eta beste hiru kiderekin batera txalupa batean zihoazen Pasaiarako badiarantz. Haietako lau hil zituen poliziak: azpeitiarrez gain, Rafael Dela Txapas eta Jose Mari Izura Pelu hil ziren. Lauren gorputzek 113 bala jaso zituzten guztira. Bosgarren kidea, Joseba Merino donostiarra, atxilotu egin zuten, eta 17 urte egin zituen espetxean. Kurroren eta Pelitxoren senitarteko eta lagunek Pasaiako segada hura argitzeko eskatzen jarraitzen dute, 30 urte ondoren argi-ilun asko baititu oraindik kasuak. «Epaiketa, deklarazio eta abarren ondotik, oraindik ere sarraskia argitu gabe dago. Bertsio ofizialaren arabera enfrentamendu bat izan zen, baina guk badakigu, lekukoen hitzak entzunda, zer gertatu zen». Ziur daude «aurrez pentsatu, prestatu eta erabakitako sarraskia» izan zela. Gaur egun oraindik ez du inork hilketa haien gaineko erantzukizunik bere gain hartu. Horregatik, behin eta berriz eskatzen dute «bertsio ofiziala egian oinarritu dadila eta erantzule politikoak nor diren argitu dadila». Erakuskerta eta ekitaldia Hilketen 30. urteurrenean, Kurro eta Pelitxoren lagun eta senitartekoek erakusketa batean jaso dituzte gertakarien inguruko argazkiak, albisteak, egunkarietako orriak eta bestelako hainbat informazio. Gaur, ostirala, izango da horiek ikusteko azken eguna, 18:00etatik 20:00etara, Betharram aretoan. Horrez gain, ekitaldia izango da bihar, 19:30etik aurrera. Tokiz aldatu da, ordea, ekitaldia. Plazan izatea aurreikusita bazuten ere, Frontoi Txikian egingo dute, azkenean. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide