Atzerriko immigrazioak behera egin du Zarautzen, baina ez da erabat eten

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko martxoaren 21a

Julen Aranguren eta Ane Eizmendi (Amaia Ventas/ Hitza) Nazioartetik Zarautzera iritsitako etorkin kopurua gutxitu egin da azken urteotan, baina immigrazio prozesua «ez da erabat eten». Zarauzko Gizarte Zerbitzuek 2011 eta 2014 bitarteko immigrazio mugimenduen inguruko ikerketa egin dute, eta hainbat ondorio atera dute egungo egoerari buruz. Nabarmenena atzerritarren etorrera moteldu izana da. Julen Aranguren Immigrazio teknikariak adierazi du azken hiru urteotan Zarautzera heldutako bizilagun berrien kopuruak gora egin duela, baina horiek gehienbat Gipuzkoatik iritsi direla udalerrira. Krisiaren eraginez, herria uzten duten atzerritarrak iristen direnak baino gehiago direla nabarmendu du. Hala ere, horiek etortzen jarraitzen dutela ohartarazi du, «kopuru xumeetan» bada ere. Nikaraguatik, Marokotik, Argentinatik eta Senegaldik iritsi ohi dira egun atzerritar gehienak. Nikaraguatik etorritako bizilagunen kopurua erdira jaitsi da urtebetean, ordea: 2012an 61 heldu ziren Zarautzera eta iaz 37. Duela bi urte hamasei argentinar zeuden erroldatuta udalerrian, eta iaz bederatzi. Senegaldarrei dagokionez ere antzeko joera antzeman dute: 2012an 11 lagun heldu ziren herrialde horretatik eta 2013an zortzi. Kopuruak gora egin du beste zenbait herrialderi dagokionez: Pakistandik—2012an hamabi lagun iritsi ziren eta 2013an hamazazpi—, Marokotik–urtebetean 63 lagunetik 76ra igo da kopurua—, eta Senegaldik—2012an 21 lagun heldu ziren eta 2013an 25— pertsona gehiago etorri da. «Etorri berriaren soslai bat egin beharko bagenu, honakoa izango litzateke: Nikaraguakoa eta emakumea. Azken bi urteotan Nikaraguan eta Hondurasen jaio eta Zarautzera etorritako 44 lagunetik sei soilik dira gizonezkoak, eta bi adin txikiko baino ez daude». Marokoarren kasua bestelakoa da: herrialde horretatik Zarautzera etorritako gehienak gizonezkoak dira, hamabost lagunetik hamabi, zehazki. Senegaldarren artean ere denak gizonezkoak dira. «Azken 10-12 urteotan bizi izan dugun migrazio patroi tradizionala mantentzen da. Afrikarren artean gizonezkoek migratzen duten lehenbizi, eta latino-amerikarren artean, emakumeek». Bi kasuetan ahal dutenek familia ekartzen dute gero, baina joera hori ere aldatzen ari da Arangurenen arabera: «Migrazoa banakako proiektu bihurtzen ari da orain, estualdi ekonomikoaren eraginez». Horrek adin txikikoen etorrera «asko baldintzatu» duela ondorioztatu du. Harreran indarra «Etorkin kopurua gutxitu egin den arren, udalarentzat berebiziko garrantzia du harrerak», nabarmendu du Ane Eizmendi zinegotziak: «Inguruko beste hainbat herritan izan diren talkak Zarautzen eman ez badira, herritarren arteko bizikidetza hori sustatzeko egin den lanagatik izan da, besteak beste». Horren adibide dira dagoeneko osatu duten Zurrumurren aurkako sarea, Erlo telebistan eskaini ohi duten Aniztasunean bizi telebista saioa eta aurten maiatzean egingo duten Zarauztik Mundura kulturartekotasunaren jaialdia. Gaur Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Eguna dela-eta ekitaldi berezia antolatu dute Gizarte Zerbitzuek. Gerardo Olivares zuzendariaren 14 kilometros filma emango dute Modelon. «Afrika eta Europa arteko distantzia hamalau kilometrokoa da. Maroko eta Espainia arteko hesian gertatutakoek oihartzun handia izan du komunikabideetan eta gertaera horren alderdi humanoa erakutsi nahi dugu film honekin», ohartarazi du Arangurenek. Mugara iristeko bidean etorkinek bizi ohi dituzten «kalamidadeak» erakusten ditu filmak, besteak beste. 21:00etan hasiko da, eta doakoa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide