Azpeitiko Elkar-ekinek mahai-inguru bat antolatu du gaurko, Jatorri Aniztasunaz

Olatz Prat 2014ko martxoaren 21a

Azpeitiko Elkar-ekin taldeak mahai inguru bat antolatu du Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza Azpeitian izenburupean. Gaur 18:30- etik aurrera Sindikatu Zaharrean izango da Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat etorriko den saioa. Gaiarekiko interesan duen herritar oro gonbidatu dute antolatzaileek solasaldira. Duela hilabete batzuk ekin zion Elkar-ekinek jatorri aniztasunaren eta elkarbizitzaren inguruko gogoetari. Hilabete hauetan harremanak egin dituzte antzeko gaiak jorratzen dituzten taldeekin, Azpeitiko talde eta ikastetxeekin, baita jatorri ezberdinekoak diren hainbat azpeitiarrekin ere. Harreman horiek egiteaz gain, beharrezko ikusi dute gaia herriratzen joatea, eta horretarako balio nahi luke mahai-inguruak, «gogoeta eta ideia ezberdinak» biltzeko. «Denon artean egoerari begirada bat eman eta egiten ari denaz eta egin daitekeenaz mintzatzea» da euren helburua. Parte hartuko dute, besteak beste, Iraurgi ikastetxeak, Ikasberri Ikastolak, Urola Ikastolak, osasun etxeak, Lanbidek, Jauzika aisialdi elkarteak, Emakumeen Txokoak, Azpeitiko Udalak eta Etorkizun egitasmoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide