Ezinean taldea
Bueltan dira Ezinean, indartsu eta gogotsu. Urte batzuk pasa dira azken diskotik, azken kontzertutik. Baina, indarrak berritu eta zailtasunak gaindituta,
Berriz diskoa kaleratu dute, Oihukaren eskutik. Iban Amenabarrek (ahotsa eta baxua), Oihan Amezuak (bateria), Oier Ezeizak (gitarra eta koruak) eta Oihan Lizasok (gitarra eta koruak) osatzen dute, gaur egun, Ezinean.
Hamalau kantuko bilduma bizia da
Berriz, sustraiturik duten hardcore melodikoari eutsiz, doinu, letra eta instrumentazio aberatsez hornitua. Bigarren diskoaren bira amaitzean hirukote moduan gelditu ziren Amenabar, Ezeiza eta Amezua, eta kantuak egiten jarraitu zuten, baina disko baterako ideiarik gabe. Handik gutxira Lizaso itzuli zen taldera (lehen diskoa atera ondoren taldearen teknikari lanetara igaro baitzen) eta disko baterako nahikoa material bazutela ikusi zuten. Taldekide batek istripua izan zuen, ordea, eta 2012an egitekoak ziren diskoa, 2013an hasi ziren grabatzen, hura osatu zenean.
Beraiek grabatu dute diskoa, Urrestillako lokaletan, «estudio batean sartzearen presiorik gabe, lasai-lasai» grabatu nahi baitzuten, «kantuak pixkanaka osatzen joateko», azaldu du Lizasok. Ondoren Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioan nahastu eta Dr. Masterren masterizatu zuten. Emaitza eskuetan zutela diskoetxeetako ateak jotzen hasi ziren: lehen bi diskoak kaleratutako Gor-ena eta Elkarren Oihukarena. Azken horien «lan egiteko modua egoki ikusita», diskoa haiekin kaleratzea adostu zuten, azkenean, Ezinean-eko kideek.
Musika bizia, hitz sakonak
Energiaz beteriko diskoa da
Berriz, kantu labur eta zuzenez osatua. Estiloari eutsi baino gehiago, «hasierara itzulera» bezala ikusten dute taldekideek. «Hirugarren diskorako kantuen zerrenda egitean 36 kantu genituen; horietatik aukeratu beharra zegoen, eta kantu sinpleak baina indartsuak hautatu genituen, kontzertuetan ere lasai jotzeko kantu freskoak», dio Amenabarrek.
Hitzei dagokienez, aurretik ateratako melodia errespetatuz egiten dituzte. «Lehenik melodia egiten dugu, gero gitarrak eta, azkenik, hitzak; melodian bilatzen dugu indarra». Egunerokotasunean bizi dituzten gaien inguruan hitz egin dute oraingoan ere, «nahita ala nahi gabe ateratzen zaigun protesta kutsuarekin». Euskararen aldeko borrokaren, sare sozial antisozialen, kontsumismoaren, kapitalismo irenskorraren nahiz langabeziaren inguruko hitzak entzun daitezke, «baina baita gauza alaiagoak ere, maitasunaren ingurukoak, esaterako», esan du abeslariak. «Geure neurrian, baina hausnarketara bultzatzeko mezuak eman nahi ditugu».
Lokalean bertan Haritz Amezuarekin grabatu duten
Ke Todos kantuaren bideoklipean argi ikusten da protestarako eta hausnarketarako gogo hori.
Bihar, oholtzara jauzi
Bihar gauean taularatuko dituzte disko berriko abestiak. Leku berezian izango da, gainera, herrian bertan, Sanagustin kulturgunean, 23:00etatik aurrera. «Ilusio handia egiten digu Azpeitian jotzeak, are gehiago Sanagustinen, lehen aldia izango baita guretzat», azaldu du Amezuak. «Zea Mays bezalako talde indartsu batekin aritzea ere ohorea da, badakigu gainera sarrera dezente saldu direla, eta jendea behintzat izango dela». Atzean uzteak pena ematen dieten kantu zaharrak eta disko berrikoak joko dituzte ordubete pasatxoko zuzenekoan, Zea Mays-i giroa bero-bero uzteko.
Bueltan dira Ezinean, kantu berriz, indar berriz, ilusio berriz. Berriz, baina ez ezinean.