Belarri guztietarako gozagarri

Aritz Mutiozabal 2014ko martxoaren 21a

Jupiter Jon Musika aukera askotarikoa bezain zabala dakar eskualdeak astebururako. Antolatzaileek bat egin dutela dirudi programatzerakoan, eta gaurtik hasi eta igandea bitartean hainbat formatu eta generotako kontzertuez gozatzeko parada izango dute zaleek. Orain, eskaintza aztertzeko garaia da, ondoren zuzenean nortzuk entzun nahi diren hautatzeko. Proposamen klasikoa antolatu du Orioko Udalak gaur gauerako. Niko Etxart musikari beteranoak emanaldia eskainiko du Kultur Etxean, 22:30ean; sarrera doan da, eta gonbidapenak Kultur Etxean bertan banatzen aritu dira. Ostiral gaueko egitarauarekin jarraituz, Keu Agirretxea bigarren aldiz gerturatuko da Azpeitira, Behe presioaren erdigunean bakarkako disko berria zuzenean aurkeztera. Sanagustinen izan zen Raimundo Amadorren kontzertua irekitzen, eta oraingo honetan, Pikua tabernan ariko da, 22:30ean hasita. Ordu berean, Malder eta Madeleine taldeek Zestoako gaztetxean hedatuko dituzte beren doinuak. Gaueko emanaldi bereziena Napoka Iria taldeak eskainiko du. Getariako Elkano Jatetxearekin elkarlanean, kontzertu afari bat antolatu dute jatetxean: lehenik eta behin, bikote eibartarrak Arnasten ikasteko berriz lan berria aurkeztuko du zuzenean, eta ondoren, afaltzeko parada izango dute ikusleek. Kontzertua eta afaria 37 euroan izango da, eta bertaratzeko erreserba egin behar da jatetxera deituta. Biharko doinuak Ikusmin handia sortu du Zea Mays taldearen zazpigarren diskoak; besteak beste, Dave M. Allen ekoizlearen gidaritzapean grabatu dutelako. Azaroaren hasieran eman zuten argitara, Da izenburupean, eta Euskal Herriko areto gehienetan aritu ondoren, bihar Sanagustin kulturgunean joko dute. Bilbotarren aurretik herriko talde bat igoko da taula gainera: Ezinean laukotea. Saioa 23:00etan hasiko da. Kontzertu hirukoitza antolatu dute biharko Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Proposamen alternatiboa, zalantzarik gabe. Eten, Borrokan eta Jupiter Jon taldeak ariko dira zuzenean, 22:30ean hasita. Borrokan beratarrak Zua hirugarren diskoa aurkeztera etorriko dira; Eten bikote sestaoarrak, gitarra eta bateria astinduz, doinukera guztiak esploratuko ditu; eta Jupiter Jon talde irundarrak bere musika ikuskera pertsonala erakutsiko du. Zumaiako Itzurun tabernan, berriz, blues-rock giroa nagusituko da, Blas Picon & The Romanticos taldearen eskutik. Neil Halstead, paper artean Zarauzko Garoa liburu dendak abiarazitako Paperezko Kontzertuak egitasmoaren barruan, Neil Halstead bakarlari ingelesaren solasaldi musikatuaz gozatu ahal izango da etzi; normalean igande eguerdian izan ohi dira saioak, baina oraingo honetan arratsaldez egingo dute, 19:30ean hasita. Paperezko Kontzertuetan parte hartuko duen nazioarteko lehen artista izango da Mojave3 eta Slowdive taldeetako kidea. Biran dabil Velvet Underground taldearen bertsioak taularatuz, eta Espainiako estatuan hainbat saio eskaini ondoren, Italiara bidean, geldialdia egingo du Zarautzen. Garoakoek bigarren ezusteko bat prestatua zuten apirilerako, Eleanor Friedbergerren bisitarekin, baina bertan behera geratu da, Europan egitekoa zen bira atzera bota duelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide