Tomas Zubizarreta 'Zendoia' soinu-jotzailea (Ane Olaizola/ Hitza)
Tomas Zubizarreta
Zendoia (Azkoitia, 1930) trikitilaria igandean Azpeitiko Soreasu antzokian eskainiko dituen piezak prestatzen ari da. Orduan omenduko dute azkoitiarra, San Jose Trikiti Jaialdian. Ibilbide oparoa du Zendoiak, baita hamaika kontu kontatzeko ere. Horregatik, Trikitixa Elkartea haren biografia kaleratzekotan da. Ondo gogoan ditu Martirietako plazak, hango agarratuak eta ez agarratuak eta apaizarekin izandako gorabeherak. Bere jaiotetxean, Martirietako Zendoia baserrian, hartu du HITZA, soinua ondoan duela.
Nondik nora hasi zinen soinua jotzen?
Umetan, etxean jotzen zen soinua. Nire osabak jotzen zuen, eta hura lanera joaten zenean gordeta uzten zuen kaxa batean. Itxita uzten zuen, eta falta zenean jotzen nuen. Halako batean antzeman egin zuen erabiltzen nuela, eta soinu harekin hasi nintzen.
Nola ikasi zenuen?
Neure kasara, hamar-hamaika urterekin. Gero, 17 bat urte nituenean, Martirietan hasi nintzen jotzen, osabaren lekuan. Halaxe hasi nintzen plazaz plaza.
Martirietan, apaizarekin gorabehera batzuk izan omen zenituen musikaren harira.
Apaizek asko agintzen zuten orduan, eta agarratua egin ezinda ibili ginen auzoan; apaizarekin eskandalu mordoxka izan nituen, ez zuelako onartzen musika hori. Jende asko etortzen zen Martirietara, eta agarratua dantzatzen zutenen izen-abizenak apuntatzen zituen apaizak. Elizan kongregazioa egiten zen, eta dantzan aritu ziren hiru neska kongregaziotik atera zituzten. Haietako batek erantzun zuen, berak ez zuela bekaturik egin eta hurrengoan ere dantza egingo zuela. Herrian libre zegoen agarratua egitea, baita Urrategin, Madariagan eta Aizpurutxon ere. Denean egin zitekeen, Martirietan izan ezik. Nonbait, beraiek jarraitu bitartean lehengo ohitura haiek mantendu nahi zituzten.
Nolako garaiak ziren?
Txarrak. Gure gazte denboran, dena sueltoan dantzatu behar zen. Jende asko etortzen zen bailaratik. Azkoitiko baserrietan, gainera, asko dira hemen dantzan elkartu eta ezkonduta daudenak.
Egia al da garai batean Aizpurutxon bakarrik egin zitekeela agarratua?
Bai, eta gero beste auzoetara zabaltzen joan zen, hemen izan ezik. Auzoko neskak hara joaten ziren dantza egitera. Herrian ere onartu zuten, alkatea aldatu zutenean. Pentsa, herrian bera izan zen agarratua egiten lehena. Orain, asko aldatu dira gauzak; taberna zuloan ibiltzen dira gazteak.
Nondik nora ibiltzen zinen zu?
Markinara asko joaten nintzen. Joxe Mari Urbieta
Egañazpi-rekin asko ibili nintzen, baita anaiarekin ere. Epelde, Egurrola... bailarako asko izan nituen ondoan. Haiei entzun eta neure kasatara egiten nuen. Behin hartu nionean, errazago egiten nuen.
Zein plaza izan zenuen gustukoen?
Gehienetan Martirietan jotzen nuen. Gero, gutxitzen joan zen giroa; errepidea egin zutenean, uste zen jende gehiago etorriko zela, baina jendea auzotik joaten hasi zen. Txokoan, Tolosatik gertu, erromeri handia egiten zen, eta han ere izan nintzen noiz edo noiz. Tolosako Bedaio auzoan ere dantza asko egiten zuten; gustukoa nuen plaza hura. Gazte asko elkartzen zen han. Aizpurutxon ere asko dantzatzen zen. Leku askotan egiten zen dantza orduan; orain galtzen ari da.
Dantzalekuak ezagutu al zenituen?
Bai. 25 urtez Itsasondora joan izan nintzen. Omenaldia egin zidaten gero.
Ezkutuan egiten al zenuten erromeriarik?
Ez, ezkutuan ezer ez. Gainera, apaizak guztia jakiten zuen. Nahita ere ezingo genukeen egin.
Horrenbeste urteko jardunean, bitxikeriaren bat izango duzu kontatzeko, ezta?
Azkoitian, Jesusen Bihotzeko prozesio batean, apaizak esan zuen inguruko gazte guztiok han egon behar genuela. Amaitu zen prozesioa, eta esan zidaten ea soinua joko al nuen. Etorri zen apaiza behetik gora, eta kendu soinu zahar hori hortik! oihu egin zidan, eta etxera. Halako makina bat istorio baditugu.
Azkoitian trikitilari ugari sortu da. Gazteek segitzen al dute?
Bai, gazte asko ari dira ikasten. Baina behin batek esan zidan moduan, soinu-jotzaileak ugaldu egin dira, eta dantzariak gastatu. Zarauzko Euskal Jaietan askotan izan nintzen, eta goizetik hasita kalez kale ibiltzen ginen trikitia jotzen. Bazkalondoren, San Pelaiora joaten ginen, eta auzo guztia jendez gainezka egoten zen, dantzan. Gauean, Musika Plaza ere goraino beteta egoten zen. Orain, berriz, gauean halakorik ez dela egoten diote.
Igandean omenaldia egingo dizute. Nola hartu duzu aitortza hau?
Pozik nago, baina pertsona urduria naiz, eta ez dakit nola joango den. Pare bat pieza joko ditut; horiek prestatzen nabil egunotan.