Autobus zerbitzuaren proposamenaz Orion egindako bilera (Aiora Larrañaga/ Hitza)
Gizarte jasangarria lortzeko bidean ezinbestekoa da herritarren beharretara egokitzen den garraio publiko zerbitzu bat izatea. Ildo horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko autobus zerbitzua hobetzeko prozesu bat martxan jarri zuen pasa den udazkenean. 56 herritan herritarren ekarpenak eta iradokizunak jaso zituzten, eta horietan oinarrituz aurreproiektu bat idatzi dute. Asteazken iluntzean Orion aurkeztu zituzten zerbitzua hobetzeko proposamenak. Kultur Etxean egindako bileran dozena bat lagun bildu zen. «Ekarpen asko jaso genituen lehenengo bileran, eta horiek aztertu ondoren, sailkapen bat egin dugu eta bideragarrienak aukeratu ditugu», azaldu zuten bertan Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek. Batzarrean herritarren iritzia jaso eta lehen bileran proposatutako hainbat aldaketa zergatik ez dituzten aukeratu azaldu zuten.
Oro har, oriotarrek «oso gustura» hartu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatu dituen aldaketak. Dena dela, aurreproiektuan jaso ez dituzten hainbat xehetasun gogorarazi zizkieten teknikariei. Alde batetik, udazkenean Orion egin zuten bileran Donostiako unibertsitateko ikasleek autobidetik Donostiara joaten den autobusa unibertsitateraino iristea proposatu zuten. Baina proposamen hori baztertu egin dute aldundiko teknikariek. «Autobidez doan autobusak 20 minutu behar ditu Oriotik Ospitaletatik barrena Donostiako Pio XII. era iristeko. Autobusa bertatik unibertsitatera joango balitz, beste 20 minutu beharko lituzke. Denera, herriz herriko autobusak unibertsitatera iristeko behar dituen 30 minutu baino gehiago pasako lituzke eta, beraz, ez da bideragarria».
Bestetik, geltokien kokapena ere izan zuten hizpide asteazkeneko bileran. Izan ere, Orioko zubiaren beste aldean bizi diren bizilagunek tren geltokiaren azpiko autobus gunean autobusa gelditu dadin eskatu zuten. «Badakigu herriko autobus geltokia gertu dagoela, baina zubia muga da oriotarrontzat; ez da gauza bera herrian barrena 300 metro ibiltzea edo gauean, eguraldi txarrarekin edo haizearekin zubia pasa behar izatea», azaldu zuen herritar batek. Horregatik, autobus geltokiaren azpian autobusentzat gunea prestatuta dagoela aprobetxatuz, behar dutenek bertan jaisteko aukera izatea eskatu zuten. «Donostiako Tolosa ibilbidean, esaterako, distantzia txikian hiru geltoki daude. Zergatik ezin dugu Orion beste geltoki bat izan?», galdegin zuen. Horretaz gain, autobusen irisgarritasunaz ere kexatu ziren hainbat oriotar. «Adinekook arazoak ditugu autobusetik jaisteko, altuera handia izaten baita. Gustatuko litzaiguke autobuseko gidariek horrelakoetan salbuespena egin eta aurreko aldetik irteten uztea», eskatu zuten. Gainera, hainbat oriotarrek gogorarazi zuten informazio pantailak askotan itzalduta edo oker egoten direla, eta horrek nahastu egiten dituztela autobus erabiltzaileak.