Zumaiako Udaleko Berdintasun teknikari Karmele Gomez, Berdintasun zinegotzi Maitane Agirre eta Zumaiako alkate Iñaki Arrizabalaga. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Zumaiako Udalak 2015-2018 epealdirako II. Berdintasun Plana osatzeko prozesua abiatuko du apirilean eta plana herriarena izan dadin, herritarrek beren esperientziatik abiatuta ekarpenak egitea nahi du udaleko Berdintasun Sailak. "Gizartean egunero-egunero sistema patriarkal kapitalistak zapalkuntza eragiten du. Horregatik, herritarrek zapalkuntza estruktural horri aurre egin diezaieten tresnak eman behar zaizkie, gizarte parekidea lortzeko" azaldu dute Zumaiako Udaletik. Ildo horretan, arazoari aurre egiteko, herritarren beharrak ezagutzea ezinbestekoa dela uste dute. Lehen bilera apirilaren 1ean izango da 18:30etik aurrera Alondegian.
Zumaiako II. Berdintasun Plana osatzeko zortzi bilera egingo dituzte denera eta horietatik lau herritar orori irekiak izango dira. "Bi zati izango ditu prozesuak. Lehen zatian 2010-2014 bitartean indarrean izan den I. Berdintasun Planaren ebaluazioa egingo da". Indarguneak eta hobetu beharrekoak aztertuko dituzte, garatutako ekintzen bidez helburuak lortu diren eta Udaleko sail desberdinetan genero-ikuspegia kontutan hartuta lan egiten duten aztertuko dute.
Bigarren zatian II. Berdintasun Planaren helburuak eta horiek lortzeko bitartekoak zein izango diren zehaztuko dute. Ekintzak aurrera eramateko baliabideak eta aukerak neurtu eta horien arabera helburu errealistak zehaztu nahi ditu Berdintasun Sailak. Zumaiako Udalak herritarrez gain, udaleko teknikariak eta politikariak ere planaren diseinuan eta ondorengo garapenean inplikatu nahi ditu, modu horretan Berdintasun Planaren inguruan talde sena landu nahi dute, datozen urteetan planak jarraipen arrakastatsua izan dezan.
Horretaz gain, bileretan parte hartu ezin duten herritarrek eta eragileek beren iritzia emateko aukera izan dezaten inkesta bat prestatu du Udalak. "Oso garrantzitsua da inkesta bete eta udalari itzultzea. Alondegian, udaletxean eta kiroldegian II. Berdintasun Planaren postontziak jarriko ditugu eta bertan utzi ahalko dituzte herritarrek inkestak beteta" zehaztu dute.