Getariako EAJk Eusko Jaurlaritza eskertu du Menditxoko egonkortzeko lanengatik

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 20a

Getariako EAJk bereziki Eusko Jaurlaritza eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari "poza eta eskerrona" azaldu dizkio Menditxo egonkortzeko egindako lanengatik, eta bertako bizilagunak etxeetara itzultzea ahalbidetzeagatik. Gainera, Jaurlaritzak adierazitako "hurbiltasuna eta jarrera argia" eskertu dute jeltzaleek. Getariako EAJko Andoni Aristik adierazi duenez, "erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, hemen denok baikaude, lana koordinatu duen Eusko Jaularitza eta Getariako udalerria, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Espainiako Kosta Zerbitzua". Aristiren arabera, itsasaldiak ere ez ditu eten Menditxo egonkortzeko lanak: "Zorionez egonkortze lanak aurrera egin dute, eta bizilagunak euren etxeetara itzultzeko eran daude ezarritako epea baino hamabost egun lehenago". Iazko maiatzean Menditxoko labarraren zati bat erori egin zen. Segurtasunagatik bertako bizilagunak ordutik etxetik kanpo daude. Labarra egonkortzeko lanak abenduan hasi zituzten. Getariako jeltzaleek azaldu dutenez, hiru eremutan banatuta egin dituzte lanak. Aurrena, Iribarren kaleko 9-11 zenbakien azpiko eremua egonkortzeko. Bertan, hormigoi armatuko horma bat eraiki dute, 33 metro luze ingurukoa. Lehen eta bigarren eremuko lanek, BEZa kenduta, ia 375.000 euroko aurrekontua dute. Hirugarren eremuko lanak ondoren egingo dituzte, eremua guztiz egonkortuz. Orotara dena konpontzeak 900.000 euro inguruko kostua izango du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide