Otsaileko eta martxoko itsas denboraleek Zarautzen utzitako txikizioaren harira, Espainiako Ministroen Kontseiluak hartutako erabakiak jakinarazi ditu gaur eguerdian Zarautzen PPko Gipuzkoako idazkari Juan Carlos Canok. Konponketa lanak ekainaren 30erako amaituko dituztela aurreikusi du Canok. Hainbat obra dagoeneko enkantera atera dituzte, eta gainontzekoak aste honetarako egingo dituztela aurreikusi du. Obrekin «berehala» hastekoak direla adierazi du PPko Gipuzkoako idazkariak. «Hondartza denboraldia hasi aurretik guztia prest egotea espero dugu».
Haren arabera, txikizioa konpontzeko Espainiako Gobernuak bideratuko dituen laguntzak lau ildo izango dituzte. Batetik, 1,6 milioi euroko laguntza emango du Iñurritzako biotopoa konpondu eta dunetako pasabidearen proiektua gauzatzeko. Aurrerapen bat ere egin zuen: «Badakigu egun proiektu berri bat adosten ari direla Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritza, udala eta golfeko ordezkariak».
Bestetik, 200.000 euro bideratuko ditu portuko kai-muturra osatzeko, eta beste 1,8 milioi euro malekoiko txikizio guztiak konpontzeko. Getaria eta Zarautz arteko oinezkoen pasabideko lanak ere bere gain hartuko ditu; 600.000 euroko kostua izango du horrek. Lan horiek guztiak Espainiako Gobernuak ordainduko ditu osorik. Azkenik, malekoian kalteak izan dituzten saltokiak ere lagunduko ditu. Seguruen Kontsortzioak aplikatutako %7ko kenketa hori osatuko du Espainiako Gobernuak. Hala, kalteen eta saltokiak itxita mantentzeak eragindako galeren %100 berreskuratu ahal izango dute jabeek.
Emandako erantzuna «azkarra eta oso irmoa» izan da Canorentzat: «Gipuzkoa izan da lurralde kaltetuena, eta horrek erantzun azkar bat eskatzen zuen». Berarekin izan dira gaur Zarautzen Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkari Jose Luis Herrador, Zarauzko PPko zinegotzi Maria Jose Lafuente eta PPko batzarkide Txema Murgiondo.