Larunbaterako Zumaiako Gazte Topaketak antolatu dituzte, Izan zeresan lelo hartuta. Egun guztiko egitaraua prestatu dute. Aurretik, ordea, sei hilabeteko ibilbidea egin dute gazteek. [Urola Kostako Hitza] Topaketen bidez, gazteen esana zeresan izatera eraman nahi dute. «Gazteok pentsatzen duguna esateko ez dugu inoren zain gelditu nahi, eta zentzu horretan, aurreko sei hilabeteetan gauzatu dugun harreman bira abiapuntu gisa ulertu dugu», esan dute Zumaiako gazte mugimenduko kideek. Topaketen bidez, gazteen ideien eta kezken inguruan eztabaidatzeko konfiantzazko eremu edo espazio bat sortu nahi dute, ahalik eta gazte gehien bilduz. Proposamen batetik sortutakoa izan da Esan harreman bira. «Adin desberdinetako gazte gutxi batzuk bildu ginen, Zumaiako gazteon inguruko hausnarketa txiki bat egiteko asmotan». Segidan, harreman bira aurrera eramateko lan talde bat sortu zuten. «Hortxe hasi zen gure ibilbidea, eta topaketekin amaituko litzateke talde horren lana». Herriko gazteek pentsatzen eta egin nahi dutenaren inguruan hitz egiten hasteko aitzakia bat sortu nahi zuten harreman birarekin, «eta, egindako lanak aurrera begirako oinarri bat jartzeko balio badu, gure helburua guztiz beteta izango da». Sei hilabeteotan astero edo astean bitan elkartu dira. «Aurrena harreman bira diseinatzeko, gero jarraitzeko, eta kanpora begirako proiekzio komunikatiboa lantzeko, eta azkenaldian, topaketak prestatzeko». Barruko eta kanpoko lana Harreman biran barruko eta kanpoko lana egin [...]