Azkoitiko herri barruko autobus zerbitzua uztailerako jarri nahi du martxan udalak

Ane Olaizola 2014ko martxoaren 20a

Azkoitian herri barruko autobus zerbitzu bat jartzeko prozesua aurrera doa. Esther Larrañaga udaleko Parte-hartze zinegotziak azaldu duenez, apirileko plenoan dira herri barruko autobus zerbitzua onartzekoak; hori tramitatu eta lehiaketa publikora atera ondoren, autobusa uztailerako martxan izatea aurreikusten dute. Ibilbide, maiztasun eta prezio zehatzak plazaratu ditu udalak, oraindik guztiz behin betikoak ez badira ere. Dena den, zerbitzua martxan jartzen dutenean egunerokotasunak berak funtzionamendua alda dezakeela azaldu dute udaletik. Ibilbideei dagokienez, herrigunea Floreaga, San Martin, Altzibar eta Ipintza auzoekin eta Txerloia inguruarekin lotuko dituzte, hiru ibilbideren bidez. Guztietan Liburutegia izango da hasiera eta bukaera puntua. Udalaren proposamenaren arabera, hau izango da lehen ibilbidea: Liburutegitik Intsaustira joan, eta Axiri merkatalgune, Txerloia ingurua, igerileku irekiak, San Jose egoitza, Santa Klara, Trino de Uria eta Ibaiondo zeharkatuko. Beste ibilbidea Trenbidearen Zumardiatik beilatokira joango da, eta ondoren San Martinera; handik, anbulatorioan, Altzibar eta Ipintza auzoetan egingo ditu geldialdiak. Azken ibilbideak, berriz, Julio Urkijo, Ibaiondo, Oteiza pilotalekuak, Baztarrikaldea, ikastetxeak, Floreaga, Auzmendi kalea, haur eskola, Santa Klara eta Jandonianiz zeharkatuko lituzke. «Kasu honetan, gainera, Floreagako bizilagunek San Martin sarreraraino joateko aukera izango lukete». Hiru ibilbideak elkartuz, ordubete inguruko bira egingo luke autobusak. Hasiera batean, Txalon Erreka auzotik ez da pasatuko autobusa; obrak ari dira egiten auzoan, eta udalak adierazi duenez, «maniobrak eta bira egiteko modurik ez dago» oraingoz. Dena den, aldundia biribilgunea egitekoa da han, eta orduan zerbitzura barneratu daitekeela aurreratu dute. Guneen ordutegien arabera Ordutegien eta ibilbideen bidez «malgutasuna» bermatu nahi izan dute; hiru ibilbideak tarketatu egingo dituzte egunean zehar, astegunetan goizez eta arratsaldez ibiliko baita autobusa, eta larunbatetan goizetan. Ibilbidea eta ordutegia zehazterako orduan, honako irizpideak hartu dituzte kontuan: anbulatorioko odol ateratzeak, ikastetxeetako sarrera- irteera orduak, zaharren egoitzako bisita orduak, igerileku irekien ordutegia, eta Axiri, Eroski eta Txerloia inguruko merkatalgunea eta kirol jarduerak. Ipintzara, besteak beste, lau joan-etorri aurreikusi dituzte. Autobusak hogei pertsonentzako tokia izatea nahi du udalak. Aire egokitua eta beroketa sistema, gurpildun haulkientzako erabilgarria izatea eta zutik doazenek heldulekua edukitzea eskatuko du udalak. Prezioei dagokienez, bidaia bakoitza 20 zentimotan jartzea proposatu dute, eta zortzi urte bitarteko umeek doan izango lukete. Ez da aurreikusten hobaririk egiterik, baina bono sistema bat jartzeko asmoa badute. Auzoak eta herrigunea lotzeko zegoen beharrari erantzunez jarriko dute martxan zerbitzua, irisgarritasuna hobetu nahian. Urrian lehenengo bilera egin zuten, eta han aurkeztu zuten lehenengo zirriborroa. Ekarpen horietatik abiatuta, ibilbidea aldatu egin dute orain. Ibilbideen eta ordutegien informazio osoa www.azkoitikoudala.info webguneko atal berezian ikus daiteke. Hain zuzen, azken zehaztapenak egiteko bilera egin zuten udalak eta herritarrek herenegun, eta udalak prestatutako ibilbidea, prezioa eta funtzionamendu proposamenak azaldu zituzten, herritarrekin kontrastatzeko asmoz. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, lurralde mailako autobus zerbitzua berritzeko asmoa du, eta horretarako beste prozesu bat abiatu du. Horren proposamena aurkeztuko dute apirilaren 9an Azkoitian, eta, herenegungo azalpenetatik abiatuta, bilera hori autobus urbanoaren azken ekarpenak jasotzeko ere aprobetxatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide