Joseba Usabiaga, aktorea: "Niri benetan gertatutako kontuak dira, denak errealak"

Aritz Mutiozabal 2014ko mar. 20a, 05:30

Joseba Usabiaga (Tolosaldeko Ataria) Goenkale telesaila, Tximista pertsonaia, antzerkiko pasadizoak, Marca kirol egunkariko portada... Ikuskizun biografikoa atondu du Joseba Usabiaga (Tolosa, 1981) aktoreak, Oroitza-penak bakarrizketa barregarri bezain eroan. Bihar estreinatuko du Azpeitiko Sanagustinen, 23:00etan. Oroitzak alde batetik, eta penak bestetik. Izenburuak nostalgiko samarra dirudi. Hala dirudi, bai. Izenburua jarri nionean, nire asmoa oroipen onak kontatzea zen, baina baita penak ere. 32 urteko pertsona batek bere ibilbidean izan dituen gauza onak eta txarrak kontatu, alegia. Nire kasuan, pasadizo horiek ikuslearentzat ezagunak izango dira, baina, oro har, penak ez zaizkio jendeari gustatzen. Beraz, bederatzi istorio kontatzen baditut nire bizitzari buruz, zortzi onak dira eta bakarra izango litzateke tristea. Argi eta garbi uzteko, barre egiteko ikuskizuna da hau, ez da hala? Hala da, bai. Barre egiteko da, eta, gainera, nahiko eroa da. Abestu egiten dut, akordeoia jotzen dut, mozorrotu egiten naiz, argazkiak eta ikus-entzunezkoak proiektatzen ditut... Duela bi urte Gabino Diego aktorearen Una noche con Gabino ikuskizun autobiografikoa ikusi nuen, eta horren antzeko zerbait egiten saiatu naiz. Hark ere abestu egiten zuen, baina ez zuen irudirik erakusten. Jakina, bera aski ezaguna da, eta ez du halakorik behar. Nire kasuan, ordea, jendea hobeto kokatzeko, argazki edo bideo labur batekin laguntzen dut saioa. 30 urteko krisiak bultzatu al zaitu bakarrizketa egitera? Inolaz ere ez. Beti izan dut bakarrizketa komiko bat egiteko gogoa; hau da, halako ikuskizun bat ikusten nuenean, gisa horretako zerbait gustura egingo nukeela pentsatu ohi nuen. Duela hilabete batzuk Txalo Produkzioak ekoizpen etxeari nire ideia aurkeztu nion, eta aurrera egiteko aukera eman zidaten. Azken finean, niri benetan gertatutako kontuak dira, denak errealak, eta nik uste dut jendearen gustukoak izango direla. Ohikoa da halako bakarrizketetan norbere kontakizunak plazaratzea. Zure pasadizoak nondik norakoak izango dira? 32 urte ditudala eta Sanagustineko oholtzan nagoela esaten hasiko naiz, baina horraino iristeko zer-nolako pasierak izan ditudan kontatuko dut. Bada, antzerkian Iker Galartzarekin izandako pasadizoak; Goenkale telesailean pasatako 11 urteetan izandako gorabeherak, eta Maria Luisaz ere mintzo naiz; famak ligatze kontuetan duen eragina parodiatzen dut; eta nire heavy-metaleko abeslari alderdiaz ere ariko naiz. Eta mendiko lasterketetako kontuak ere ez dira faltako, ezta? Bada, ez ditut aipatzen. Saiatu nintzen istorio bat egiten gai horrekin, baina, egia esan, ez nuen jendeari grazia egingo liokeen pasadizorik topatu. Jakina, aipatu aipatzen dut mendiko lasterketetan ibiltzen naizela, baina ez dut egiten horren inguruko parodiarik. Nolabait esateko, nire bizitza pertsonala, etxeko kontuak eta nire afizioak ez ditut ukitzen bakarrizketa honetan. Zer da gogorragoa: gorabehera zorrotzeko mendi lasterketa bat korritzea, ala jendaurrera atera eta norbere burua agerian uztea? Bi gauzak ongi prestatu behar dira. Ultratrail edo mendi lasterketa zorrotz bat egiteko eta bukatzeko asko entrenatu behar da; hau da, ordu asko eskaini behar dizkiozu. Halako ikuskizun batean ere gauza bera: gauza txukuna egin nahi baldin baduzu, denbora eskaini behar diozu eta nik ordu asko sartu ditut kontakizuna pentsatzen, idazten eta entseatzen.  Biek ematen dizute errespetua, noski. Ultratrail batean erretiratzea ez zait kostatzen, jakin badakidalako ez naizela behar adina prestatu edo ez naizela nire onenean aurkitu. Antzerkian, aldiz, ezin zara erretiratu, eta saioaren erdian zerbait ahazten bazaizu ere, eutsi eta aurrera jarraitu behar duzu. Alde horretatik, taula gainera igotzeak urduritasun gehiago sortzen dit. Goenkale gogora ekarriko duzula esan duzu. Jendeak oraindik Tximista bezala ezagutzen zaitu? Bai. Duela bi urte utzi nuen telesaila, 11 urtez bertan aritu ondoren. Azken hiruzpalau urteetan pixka bat jaitsita dago, baina garai batean sekulako audientzia zuen, eta normala da jendeak Tximista bezala oroitzea. Dena dela, antzerkian ere dezente ibili naiz, eta hortik ere ezagutzen naute; Azpeitian, esaterako, Sanagustinen eta Soreasun hainbat lan taularatu ditut. Baina ez nau molestatzen jendeak Tximista deitzea. Izan ere, nik antzerkia egiteko aukera izan badut, hein handi batean pertsonaia horri esker izan da. Dirudienez, ez da ohiko bakarrizketa bat izango; hau da, aulkian eseri eta mikrofono aurrean aritzea. Tabernetan edo toki txikietan ez antzezten saiatuko naiz. Izan ere, atrezzoarekin eta argiztapenarekin jokatu nahi dut. Agertokian elementu batzuk ditut, eta ez da izango erdian jarri eta mikrofono aurrean guztia botatzea. Areto eta kultur etxeetan aurkezteko ikuskizun bat izan nahi du. Oroitza-penak lanak zer-nolako oroitzapena utziko dio ikusleari? Ordubete inguru irauten du saioak, eta nik uste dut jendea entretenitzeaz gain, barre egingo duela. Une atsegin bat pasatu duen sentipenarekin aterako dira antzokitik, baina baita kontatu dudan guztia egia den zalantzarekin ere. Dena benetakoa da, gauzak pixka bat areagotzen ditudan arren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide