Jose Mari Orbegozo, dantzaria: "Nire ikasleak txapelketetan ikustea da nire ametsa"

Olatz Prat 2014ko martxoaren 20a

Jose Mari Orbegozo dantzaria (Olatz Prat/ Hitza) Esku bakoitzean sari bana. Horixe ekarri du Jose Mari Orbegozo (Azpeitia, 1964) dantzariak Torremolinosetik (Espainia). Han Europako Dantza Txapelketan izan da hamazazpigarren aldiz, eta txapeldunorde gelditu dira Amaia Gonzalez bikote lasartearra eta biak, salsa eta pasodoble dantza motetan. Zer esanahi dauka zuretzat Europako txapeldunordea izateak? Urtero joaten gara, eta gero eta maila altuago dago, gero eta zailagoa dago lehia eta, nahitaez, garrantzia handiagoa ematen diozu lorpenari. Gainera, jendea kategoriaz aldatzen ari da, 30 urtetik gorakoen kategoriara, eta hor datozen gazteak maila eta indar handiz datoz. Nolakoak izaten dira Europako txapelketako probak? Bikote asko izaten gara, eta kategoria bakoitzean hamasei bikote aukeratzen dituzte gaueko saiorako. 10:00etatik 13:30ak arte eta 15:30etik 18:30era kanporaketak izaten dira. Gero, 20:30ean dortsalak banatu eta 22:00etan hasten da azken saioa. Egun osoan urduri egoten gara, eta nekatuta amaitzen duzu eguna. Amaia Gonzalez izan al da beti zure dantzako bikotea? Bai, hemezortzi urte daramatzagu elkarrekin, eta lorpen guztiak ere bion artean lortutakoak dira. Zein da zuen sekretua? Sekretu bakarra ordu asko eskaintzea da. Entseatu eta entseatu egitea. Izan ere, txapelketa honetan, esaterako, badakizu zein dantza mota egin behar duzun saio bakoitzean, baina, ez dakizu zehazki zein abesti jarriko dizuten. Erakustaldiek asko laguntzen digute entseatzeko ere. Eta azkenean, begiradarekin soilik badakigu zer egin behar dugun: pausoa nora eman, hara edo hona, gelditu edo zer egin. Nola entrenatzen duzue? Astean hiru goizetan entseatzen dugu normalean. Txapelketaren bat gertu dagoenean egun gehiagotan entseatzen dugu, baita egunero ere, boladaka. Aurtengo txapelketan dantza mota gehiago hartu ditugu, bost denera: salsa, txa-txa-txa, valsa, tangoa eta pasodoblea, eta horrek ordu gehiago eskaintzea eskatu digu. Entrenatu esan dut, kirolaritik ere baduzuelako zerbait, ezta? Bai, ondo esanda dago entrenatzearena. Hau kirol bat ere izan daiteke eta, entseatu eta entrenatu, biak egiten ditugu. Dantzatzeaz aparteko prestaketa fisikorik egiten al duzue? Ez. Bai Amaiak, bai nik, ia arratsalde guztiak dantza eskolak ematen pasatzen ditugu. Beraz, goizeko entsegua eta arratsaldeko klaseekin nahikoa ariketa fisiko badagoela iruditzen zait. Koreografiak zeuek prestatzen al dituzue? Bai. Igandero Madrilera joaten naiz eta astelehen goizetan eskolak hartzen ditut han, gauza berriak ikasten ditut, gehien nabarmentzen diren figurak, batez ere, eta gero lehendik dakidanera gehitzen ditut. Astearte goizean iristen naiz hona, arratsaldean eskolak emateko. Aste osoa dantzan pasatzen duzu, orduan. Aste osoa, bai, eta dantzan ari ez naizenean alde batetik bestera bidaiatzen izaten naiz. Hilean 8.000 kilometro egiten ditudala kalkulatzen dut. Hendaian bizi naiz, eskolak ematen ditut Azpeitian, Zumarragan eta Beasainen eta astero joaten naiz Madrilera. Atera kontuak. Eta astia ateratzen duzu, oraindik, beste gauza batzuetarako ere? Zerbitzari lanetarako, adibidez. Azpeitiko festetan beti egiten dut lan Pastorkua tabernan; 35 urte daramatzat han lanean. Neure mahaiak ditut zerbitzatzeko, beti berak, eta eutsi egiten diot horri. Noiz eta nola iritsi zinen dantzaren mundura? Duela 30 urte hasi nintzen dantzan. Betidanik gustatu izan zitzaidan, ezkontzetan edo garai batean hain ohikoak ziren berbenatan egiten nuen dantza. Soldaduska egitera Madrilera joan nintzen, eta han egin nuen topo lehenengoz aretoko dantzekin. Soldaduska amaitutakoan, Donostiara joan nintzen bizitzera eta han hasi nintzen dantzak ikasten. Goizetan Onkologikoan lan egiten nuen eta, arratsaldeetan, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 23:00ak arte dantza eskolan ibiltzen nintzen. Asteburuetan, berriz, eskoletan ikasitakoak praktikan jartzen nituen. Zein da gehien gustatzen zaizun dantza? Tangoa eta pasodoblea dira gehien gustatzen zaizkidanak, nire bikotearekin dantzatzeko, batez ere. Baina tokiaren araberakoa da dena, kalean salsa, merengea edo batxata gustatzen zaizkit, latinoak, erritmo alaiagoak. Zein da, berriz, oraindik guztiz ondo egitea lortzen ez duzun dantza hori? Valsa. Jendeak uste du erraza dela, ezkontzetan egiten dena, pauso bat alde batera, pauso bat bestera. Baina valsa hori baino askoz zailagoa da. Nekagarria da gainera, pauso luzeak eman behar dira, eta gogorra da. Zein dira dantzaren alorrean dituzun ametsak? Gustura nago egin dudanarekin. Bost aldiz izan gara Europako txapeldun, beste bost aldiz txapeldunorde, eta hiru aldiz hirugarren. Azpeitiak, nire herriak, omenaldi bat egin zidan duela bi urte, eta uste dut gehiago eskatzerik ez dagoela. Ikasleak ere gustura daude nirekin, eta agian horixe litzateke nire ametsa, nire ikasleak txapelketara ateratzea. Nik egin beharrekoa egin dut, eta nahiko nuke nire lanaren fruituak euren bidez azaltzea. Azpeitian afizio sendoa sortzen ari dela dirudi, ezta? Bai, Baigerakoekin egoten naiz astearteetan, eta kiroldegian eta igerilekuan ere ematen ditut eskolak. Dantzari oso onak daude Azpeitian, txapelketetan ere badabiltza batzuk. Gazteak ere hasi dira txapelketetan, eta maila oso ona dago, nesketan batez ere. Zein da hurrengo zure erronka? Dantzak erakusten jarraitzea, erakustaldiak egitea eta nire ikasleak aurrera ateratzea. Nik egin beharrekoak egin ditut, eta orain beste norbaitek lortu behar du bost txapelketa irabaztea eta beste hainbestetan txapeldunorde gelditzea. 50 urte egin ditut, eta uste dut neure gorenera iritsi naizela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide