IRITZIA: Mende erdi

Urola Kostako Hitza 2014ko mar. 20a, 05:59

IRITZIA. BOSTEKOA: Jesus Mari Olaizola Txilliku Ez dakit edadearen kontua den, baina baliteke hala izatea, edadeko jendeak esanda ikasi baitut minutuak mantso eta urteak azkar joaten direla. Denbora, izan ere, gauza xelebrea da, eta are gehiago gure burmuinak denborarekin egiten duena: batzuetan igarri gabe joaten zaigu ihes, eta beste hainbatetan oso mantso mugitzen da, ordulariari sarri begiratuta ere. Horrez gain, gure pentsamenduek salto handiak eman ditzakete denboran zehar, gauden garaitik igarotako beste batera joateko. Gaurkoan ia mende erdi batekoa emango dut, oraintxe bertan. Oker ez banago, 1965eko neguan izan ziren ia aurtengoak adinako denboraleak. Urtarril urrun hartako igande goizean eskolakide batzuk itsasoaren haserreak malekoiari eragindako kalteak ikustera joan ginen. Lonja zaharretik behera jaitsita ia paretsuan bazen malekoitik hondartzara jaisten zen arranpla bat, urte hartako denboraleak zulatu egin zuena. Ondo gogoratzen dut zulo hartan estalaktita zati handi bat aurkitu genuelako. Aurkikuntzak bazuen bere garrantzia; juxtu batxilergoaren laugarren maila amaitu ondoren ikasitakoa berriz balioesteko errebalida egin behar genuen, eta Natur Zientzietarako mineral-bilduma aurkeztu. Horretarako behar genuen estalaktita hura, ikaskideen artean banatu eta gure bilduman beste mineral dotore bat edukitzeko. Estalaktita gelara eraman eta armairu batean gorde genuen, baina ikaskideen artean banatu aurretik gela erre egin zitzaigun handik gutxira, eta batere gabe geratu ginen, baina hori beste baterako istorioa da, agian. Orain interesatzen zaiguna zera da, aspaldiko urte hartan itsasoko denboraleak sekulakoak eragin zituela itsasertzean, eta hori ez litzaiguke harrigarria egin behar, ezta aurten gauza bera errepikatzea ere: jakinaren gainean egon beharko genuke. Herriko leku-izen zaharrek erakusten digute hori. Herriaren mutur batean Munoa dugu (munoa, muinoa, harea-muinoa, duna…) eta bestean Mendilauta (mendi lauak, harea-muinoak, dunak…). Izan ere, herriaren zati handi bat duna izeneko muino lau horien gainean eraikia dugu, eta dunak itsasoak eta lurrak duten etengabeko borrokaren adierazleak ditugu, eztabaidatutako lekuetako mugarriak. Beraz, ez harritu itsasoa bere lur dituenak bisitatzera etortzen bada noizbehinka, eta mende erditik mende erdira haserrealdi bat edo beste izaten badu. Gerra aurretik, errepublika garaian, langabezia handia omen zen, oraintxe bezalatsu, eta gobernuak, konpondu nahian, herrilanak bultzatu omen zituen, lan publikoak. Ordukoa da Zarauzko errepide berria (Nafarroa kalea), gutxi gorabehera dunen gainaldean egina. Handik iparraldekoak, itsasoaren lurrak; handik hegoaldekoak, padurakoak (Zarauzko erriberak). Eta Zarautz zaharraren arrasto txiki bat besterik ez zaigu geratzen herriaren mutur batean, gure begiekin ikus dezakegun zati txikia, han, biotopoan. Duela mende erdi izandako denboraleak, nolabait, zarauztarrok itsasoari zor diogun errespetua berpiztu zuen. Geroztik, eta urte askotan, malekoi ondoko etxabe, taberna eta gainerakoak txukun-txukun ixten ziren iraileko marea biziak baino lehen, eta itxirik ematen zuten negua. Gauzak errazte aldera, ate eta leihoetan jarri beharreko oholak zenbatuta egoten ziren, gainera. Gero izan ziren urte hobeak, itsasoa otzanago portatu zen urteak, eta zarauztarrok errespetua galtzen joan ginen, lehengo istorio zaharrak ahazten, berriro aurtengo bi itsasaldi gogorrek geure lekuan utzi gaituzten arte. Kalean aditu dut itsasoak dunak eraman dituela, eta hori ez da egia. Kanal aldeko dunen muturra besterik ez du eraman itsasoak. Ikusi nahi dituenentzat, dunak han jarraitzen dute golf barruan, eta sentitu nahi dugun guztiontzat hortxe daude gure oinpean. Ez dezagula hori atzendu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide