Itsasaldia Zarautzen (Gorka Lasa)
Otsaileko eta martxoko itsasaldiek kalte handiak eragin dituzte Zarautzen, baina baita irudi ederrak utzi ere. Horietako batzuez gozatzeko aukera izango dute gaur zarauztarrek. Sorlekutik egitasmoaren barruan, Imanol Sorazu eta Gorka Lasa zarauztarren lanak ikusi ahalko dira Modelo aretoko pantaila handian. Lehenbizikoak
Itsasaldia bideoan jaso ditu enbataren indarra eta horren eragina; bigarrengoak, olatuei ateratako argazki sorta zabalarekin ikus-entzunezko bat osatu du. Ainara Lozano kazetaria izango dute biek bidaide emanaldiaren ondorengo solasaldian. 19:00etan hasiko dute
Itsasaldia Zarautzen ekitaldia, eta sarrera doan izango da.
2007 eta 2014 arteko bospasei itsas enbatari ateratako argazkien artean batzuk aukeratu eta bideo labur bat osatu du Lasak gaurko ekitaldirako. «Itsasaldiak izaten direnean normalean argazki pila bat ateratzen ditut. Iragazkitik pasatu, eta horietatik asko ezabatzen ditut; gutxi gordetzen ditut». Aukeraketa horretan denboraleak gogorren jo duen egunetako irudiak biltzen saiatu da. Garrantzia berezia eman die otsailaren 2ko gauean ateratako argazkiei: «Azken itsas denboralea politagoa izan da, plastikoagoa. Jende ugari bildu zen malekoian olatuek nola jotzen zuten ikusteko. Otsailaren 2koa, ordea, izugarria iruditu zitzaidan niri. Sekula ez nuen halakorik ikusi». Une horretako olatuen altuerak eta indarrak «liluratuta» utzi zuten zarauztarra.
Bere aldetik, azken denboraleak utzitakoa grabatu zuenean segituan bideoa osatu eta Internetera igo behar zuela pentsatu zuen Sorazuk. Martxoaren 4an sarean zintzilikatu zuenetik 50.000 pertsonek ikusi dute bideoa: «Ezusteko handia izan da, ez nuen espero hainbesterako izango zenik».
Olatuek martxo hasieran malekoia txikitu zuten eguneko zein bezperako irudiak jaso ditu gazteak
Itsasaldia ikus-entzunezkoan. Gehienak Mutxiotik eta Santa Barbaratik ateratako irudiak dira. «Lehenbiziko itsasaldia gertatu zenean jende ugari pilatu zen ohiko lekuetan. Martxoan leku horiek ekiditea erabaki nuen, irudiak lasai hartu ahal izateko». Horiei otsailean zehar grabatutako zenbait bideo pasarte ere gehitu dizkie: «Hercules itsasaldia egon zenean moilara gerturatu nintzen oso argi polita zegoelako. Bertan grabatutakoaren zati batzuk gorde egin nituen, beste kasuren batean erabili ahal izateko». Otsaila hasierako enbatak portuko horma txikitu zuenean erabaki zuen irudi horiek ere lanean sartzea, «omenaldi gisa».
Askok ordenagailuko pantailan ikusitako bideoa Modeloko pantaila handian ikusteko aukera izango dute herritarrek eta baita Sorazu berak ere. Horrek «aparteko ilusioa» egiten dio: «Arkitekturako karrera amaierako proiektua egiten ari naiz Modelori buruz, eta beraz badut harreman moduko bat areto horrekin».
Bien lanak ikusi nahi dituztenek
isorazu.com eta
www.lurphoto.com helbideetan dute aukera.