Duela astebete jarri zuten Espainiako bandera Zarauzko udaletxean, legeak hala aginduta. Hori dela eta, Zarauzko Uri Buru Batzarreko presidente Xabier Txurrukak "urte luzeetan EH Bilduk egindako gauza bera egiteagatik erasoak eta mespretxua" jasan zuten EAJko ordezkariak ekarri ditu gogora: "Haiek ere Espainiako bandera jarri behar izan zuten euren erakundean. Zenbat irain. Zenbat oihu eta pankarta—
PNV español famatu hura—. Asmo txarrez beteriko zenbat salaketa. Nolako presioa jasan behar izan duten gure kargu publikoetako askok ezker abertzalearen partetik. Ez dute aukera galdu gure batzokiak eta gure zinegotien etxeetako atariak gorriz eta horiz pintatzeko. Handia da bihotz oneko abertzale askori egin dioten mina".
Orain "bustitzeko garaia" EH Bilduri iritsi zaio haren arabera. "Hamarkadetan zehar, euskal erakundeetako arduradunei exijitu izan diete errebelde eta intsumiso deklaratzeko Espainiatik datozen lege eta aginduen aurrean. Orain, berriz, boterean daudela, arau horiei men egiten diete, baita gehiengoaren borondatearen aurka doazenean, edota murrizketak eta autonomia galerak dakartzatenean ere. Ezker abertzaleak ez dauka besteei hainbestetan exijitu diena egiteko ausardiarik". Hori "koherentzia falta" dela salatu du Txurrukak.
Horren aurrean, EAJk "arduraz eta modu baketsuan" jokatuko duela nabarmendu du, "beti egin izan duen bezala". Espainiako bandera udaletxean jartzera derrigortu duten Juan Luis Illarramendi alkatearekiko "leial" jokatuko duela dio: "Lotsagarria litzateke une honetan Bildu español oihukatzen hastea".
Hala ere, "hainbeste min eta sufrimendu" sortu duten jarreren irakurketa kritikoa egin gabe ezin dela etorkizuna eraiki gaineratu du Zarauzko Uri Buru Batzarreko presidenteak. Zentzu horretan, ezker abertzaleak iraganeko jokamoldeen atzean dagoen "bidegabekeriaz eta zentzugabekeriaz, bere leloez eta gaur egun preseski haiek egiten dutena egin behar izan zuten alderdi politikoekiko errespetu faltaz" hausnartu beharko lukeela ohartarazi du.
EAJren Zarauzko Uri Buru Batzarrak "gogor" gaitzetsi du udala Espainiako bandera jartzera derrigortu duen epaia. "Sentitzen ez dugun bandera bat ari zaizkigu inposatzen, geurea, geure bandera ikurriña delako".