Gasteizen ikasleek eguerdian egin duten elkarretaratzea (Haraba.info)
Ikasle presoak klasera lelopean, elkarretaratzea egin dute Gasteizko campusean, haien ikasteko eskubidearen alde. Segidan, ertzainek sei lagun atxilotu dituzte eta beste hainbat gazte zauritu dituzte. Atxilotutakoen artean azpeitiar bat dago, orain Lakuako ertzain etxean dituzte. Azpeitiar atxilotuaren lagun batek ertzain etxearen aurretik Urola Kostako HITZAri adierazi dionez, "ertzainek parean egokitutakoak atxilotu dituzte. Atxilotutako baten gurasoek esan digutenez, seguruenik bihar goizean utziko dituzte libre, 09:00etan epaitegitik pasatu ostean. Desordena publikoa leporatuta atxilotu dituzte".
Berria.info-ri Unai Velilla lekukoak kontatu dionez, mural bat margotzen hasi dira ondoren campuseko ikastegian. Horretan ari zirela, unibertsitateko segurtasun zaindariak etorri dira. "Segidan, ikastegitik ateratzen ari zen ikasle baten gainera joan dira kaleko jantzitako bi polizia, hura atxilotzera". Ikaslea babesteko, lurrean eseri dira gainontzekoak, eta Ertzaintzaren furgoneta bat eta zazpi auto etorri dira handik gutxira.
“Denen aurka hasi dira gogor, oilartuta zeuden: bati izugarrizko kolpea eman diote borrarekin, eta burua ireki diote. Sakelakoak ere kendu dizkigute. Jendeari iseka aritu dira", kontatu du Velillak, eta salatu du neskei irain sexistak ere egin dizkietela ertzainek. Beste bost lagun atxilotu dituzte une horretan, eta zaurituta eraman dute haietako bat: "Harrapatzen zutenaren bila joan dira". Lakuako ertzain etxean dituzte orain atxilotutakoak.
Zergatik atxilotu dituzten galdetu diete ikasleek, eta, lekukoaren esanetan, hala erantzun diete ertzainek: "Zuek jakingo duzue". Hori, eta desordena publikoa ere aipatu diete.