Larunbat honetan Iñurritzako biotopoa garbituko dute auzolanean. Arkamurka natur taldeak antolatuta, Kaskazuri ondoko sarreran elkartuko dira boluntarioak goizeko 09:00etan. "Herritarren lotsarako", itsasora eta ibaietara bota ondoren mareak bertaratzen dituen plastikozko zein bestelako zaborrak jasotzea da helburua. Horretarako lanerako arropaz gain katiuskak eta gomazko eskularruak ere ekartzea gomendatu dute.
Arkamurkak aspalditik du "lotura sendoa" gune horrekin."Ondare natural aldetik zuen garrantzia aldarrikatzen lehenetarikoa izan zen. Inguru hori zabortegi hutsa zela uste genuen zarauztar gehienon harridurarako. Eta baita harentzako babes status bat eskatzen, lehenengo Plan Bereziaren zirriborrorako ekarpenak proposatzen, bertako landaretzari buruzko liburuxka argitaratuz, hegazti desberdinek lekuaz egiten duten erabilera jarraituz, hainbat urtez zuhaitz eguna antolatuz, burutu diren ekimen desegokiekiko desadostasuna adieraziz…..".
"Iñurritzako eremua eta herritarren arteko lotura indartzeko asmoz antolatu dugu ekimen hau, pentsatzen dugulako administrazioari dagokion kudeaketaz gain herritarren bultzada komenigarria dela, lortzen diren helburu konkretuez gain, lekuarekin bere burua inplikatuta ikusten duen giza sare bat eratzea ez delako nolanahiko kontua", nabarmendu dute taldetik.