Azpeitiko EAJk garapen ekonomikorako plana "asmoen dekalogo hutsean" ez gelditzeko eskatu du

Olatz Prat 2014ko martxoaren 19a

Azpeitia eta Azkoitiko udalek eta zenbait alderdi politikok sinatu berri duten garapen ekonomikorako estrategia "urrats nabaria da bide zuzenean" Azpeitiko EAJren iritziz, baina beharrezkoa da euren ustez "gauzatzen hastea, ez dadin asmoen dekalogo hutsean geratu". Azpeitiko jeltzaleen bozeramale Aitor Gorrotxategik adierazi duenez, "Urola Erdiko eta batez ere Azpeitiko industria sareari gogor eragiten ari zaion krisiari aurre egiteko gogoz eta diskrezioz" hasi da lanean bere taldea, "kanpotik Udalaren ateak jotzera etor daitezen zain ez itxarotea" erabaki baitute. Lan horretan kokatzen dute duela egun batzuk zinegotzi jeltzaleek eta Batzar Nagusietako kide Xabier Altunak, Garapen Ekonomikorako sailburu Arantza Tapiarekin edota EAJko presidente Andoni Ortuzarrekin Batzokian izandako bilera. "Eragile aktiboak izan behar dugu gure herriaren sustapenean —dio Gorrotxategik—, gaur egungo krisia egoera honi buelta emateko Azpeitiak duen ekimenerako ahalmenean itxaropen osoa dugulako". Kanpoko Dei egin die alkateari eta udal gobernuari "gure herriarekiko interesa izan dezaketen ekintzaile, gizarte-eragile eta eragile instituzionalekin kontaktu zuzenak egin eta egutegi bat aurkez dezaten". Iraurgi Berritzeneko langileen "profesionaltasuna, kemena eta dedikazioa txalotzen" badituzte ere, kontaktuak lantzearen ardura eta prozesuaren aitzindaritza "gobernu taldearena izan behar" duela azpimarratu dute. Gorrotxategik berretsi egin du sinatu den akordioarekin bere taldeak duen konpromisoa "agintaldi honetatik haratago".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide