Gaur hasiko dira iristen Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian ariko diren goi mailako korrikalariak

Ane Olaizola 2014ko martxoaren 19a

Iazko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia (Uztarria) Xeye Ateltismo Taldeak antolatu duen Diego Garciaren oroimenezko XXI. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia azken astean sartu da. Larunbatean jokatuko da proba. Eta, antolatzaileen arabera, hasi da lasterketa giroa sumatzen Urola Erdian. Izan ere, eliteko korrikalariak gaur bertan hasiko dira iristen bailarara. Aurreko astean jakinarazi zituzten proban izango diren goi mailako korrikalari batzuen izenak eta, afrikarrei dagokienez aldaketarik ez badago ere, pixkanaka korrikalari gehiago ari dira batzen probara; Ivan Fernandez gasteiztarra izan da horretan azkena. Igandean, esaterako, Espainiako Kros Txapelketan hirugarren postuan sailkatu zen Fernandez. Horrez gain, aurten Rafa Iglesias ez da txapelketan izango, hilaren 29an Munduko Maratoi Erdi Txapelketa jokatuko baitu Danimarkan, Espainiako selekzioarekin. «Nahiz eta gure artean ez izan, gustura gaude selekziora itzuli delako. Hurrengo urtean izango du aukera gurera itzultzeko», esan dute antolatzaileek. Larunbatean, hilaren 22an, korrituko dituzte maratoi erdia eta lasterketa herrikoia. Izena ostegunera bitartean eman daiteke, Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan, Azpeitiko Robers Kirolak eta Aitzaki Kirolak saltokietan, Donostiako Robers Kirolaken nahiz www.kirolprobak.com webgunean. Dena den, azken orduko korrikalariek ostirala ere izango dute horretarako, Azkoitiko Elkargunean. Larunbatean, 16:30ean hasiko da maratoi erdia, Azkoitiko Julio Urkijo kaletik hasita. Lasterketa herrikoia 7,5 kilometrotakoa izango da, eta ordu laurden lehenago hasiko da, leku beretik. Helmuga Hotel Loiola aurrean izango dute herrikoiek eta goi mailakoek. Aurten, gainera, dortsalak eta txipak Elkargunean jaso behar dituzte parte-hartzaileek. Ohi bezala, gurasoek doako ludoteka zerbitzua izango dute hiru eta hamar urte bitarteko seme-alabak bertan uzteko. Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan utzi ahal izango dituzte, 14:30ak eta 19:30ak bitartean. Horrez gain, dutxatzeko aukera egongo da Azpeitiko igerilekuan. Goi mailako korrikalariek indar guztiak jarriko dituzte Azkoitia eta Azpeitia arteko bideetan, eta bat baino gehiago marka berria ezartzera ere joango da; gizonezkoen mailan Stanley Biwot keniarrak du marka ezarrita, 01:00:23 denborarekin. Emakumezkoetan, Eunice Kirwak 01:08:39 denbora egin zuen joan den urtean. Espainiako estatuan inoiz emakume batek egin duen denbora onena da hori. Lasterkari guztiak Runloc doako aplikazioaren bidez jarraitu ahal izango dira arratsaldean zehar. Txipekin sinkronizatuta, tablet eta mugikorretatik korrikalariak denbora errealean bilatzeko aukera ematen du aplikazioak. Urtero bezala, korrikalariek autobus zerbitzu bat izango dute eskura. Aurreneko autobusa 14:30ean abiatuko da Azpeitiko igerileku aurretik Azkoitira, eta hurrengo autobusak Kiruri jatetxearen ondotik irtengo dira. 15:45ean izango da azken joan-etorria. Lasterketa dela eta, gainera, aldaketak izango dira Azpeitiko autobus geltokietan, 15:00etatik 19:00etara; anbulatorioko geltokian ez da autobusik geratuko, eta Julian Elorzako eta estazioko geltokiak saihesbidera, Tren Museoko oinezko zubiaren aurrera, lekualdatuko dira. Gainera, Loiolan ohiko lekuan geratu beharrean, hango tren geltoki zaharraren aurrean geratuko da. Igerilekuko geltokia, berriz, suhiltzaileen parke aurrera lekualdatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide