Itxas-Gaineko arduradunak gustura dira piraguistek Sevillan egin duten lanarekin

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko martxoaren 19a

Itxas-gaineko piraguistak, asteburuan, Sevillan. Pasa den asteburuan Espainiako Neguko Piragua Txapelketa jokatu zuten Sevillan (Andaluzia, Espainia), eta Zumaiako Itxas-Gain Piragua Elkarteko kideak «gustura» dira bertan egindako lanarekin. «Espainia mailan jokatzen den piragua txapelketa garrantzitsuenetakoa da Sevillakoa. Goi mailako piraguistak biltzen dira bertan, eta kirolari gazteentzat oso aberasgarria da giro hori bizitzea», azaldu du Xabier Osa elkarteko kideak. Zumaiatik talde txikia joan zen Espainiako Txapelketara, eta oro har piraguista zumaiarrek txapelketa «ona» egin dutela uste dute elkarteko arduradunek, «nahiz eta piraguista gazte batzuk finaletik kanpo geratu eta emaitzek ez lagundu». Zumaiako bost piraguista sailkatu ziren finalerako. Kadete mailan Amaia Ortiz 19. sailkatu zen eta jubenil mailan nesketan, Irati Osa 14. postuan iritsi zen helmugara. Jubenil mailan, gizonezkoen mailan Unai Gereka 12. sailkatu zen eta Imanol Barruetabeñarentzat izan zen 14. postua. Senior mailan, Iñigo Peña zumaiarrak bigarren postua lortu eta podiumera igotzea lortu zuen. Lan «bikaina» Itxas-Gaineko kideen iritziz, txapelketan parte hartu ahal izateko piraguista guztiek egin duten lana «bikaina» izan da. «Gogor prestatu dira gazteak, baina Espainiako Txapelketa ez da euskal liga; kontuan hartu behar da Espainiako beste autonomia erkidego batzuetan oso maila ona dutela piraguismoan, eta hori antzeman egiten da Sevillako txapelketan». Ildo horretatik, mota horretako lehiek kirolariak euren burua gainditzera laguntzen dituztela uste dute. Lehiakortasunaz gain, Itxas-Gaineko arduradunen iritziz elkarteko belaundaldi desberdinen arteko harremanak ere sendotzen dira mota horretako txapelketetan. «Elkartean parte hartzen dugun guztiok piraguismorako grinak elkartzen gaitu, eta adin desberdinetako kideen artean ere harreman estua sortzen da», adierazi du Osak. Itxas-Gaineko kideek nabarmendu dute zenbaiten iritziz piragua bakarkako kirola bada ere, taldean lanean egiten dutela Itxas-Gainen. «Piraguista batek lortzen dituen emaitzak, talde oso baten lanaren ondorioa dira; elkarteko kide guztien elkarlana ezinbestekoa da elkarteak martxa onean funtzionatu ahal izateko». 1urolakosta.hitza.eus

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide