Udalarekin harreman oro euskaraz izan dadin eskatuko dute zarauztarrek

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko martxoaren 19a

«Herritarrak aktibatu nahi ditugu, euren eskari zuzenetik eta borondatetik abiatuta, aldaketak eragin eta norbanakook udalekiko ditugun harremanak euskaraz izan daitezen». Hori aldarrikatzeko, Euskaraz bizi egitasmoa antolatu du Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz taldeak larunbaterako. 10:30etik aurrera aerobik erraldoia egingo dute Lege Zaharren Enparantzan, eta behin hori amaituta, trikipoteoaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Herritarrak arropa erosoa jantzi eta bertan parte hartzera animatu dituzte. Udalaren eta herritarren arteko harreman osoa euskaraz izatea nahi dute Euskal Herrian Euskaraz-ekoek: «Kiroldegian, zahar etxean, eguneko zentroan... Euskaraz bizi nahi dugu». «Euskaldunek udalekin izan nahi duten harremanaren inguruan bide bat zabaltzen» ari den arren—besteak beste, Zarauzko Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu zen iaz, eta hizkuntza irizpideak berritzea adostu zuen, euskarari lehentasuna emate aldera—, zenbait hutsune identifikatu dituzte  zenbait alorretan. Horren aurrean herritarrek larunbatean aldarrikatuko dute udaleko alor ororekin euskaraz harremandu ahal izateko eskubidea. Euskaraz bizitzeko eskubidea Zarauzkoa ez da saio isolatua. Pasa den abenduan abiatu zuten Udala eta biok euskaraz! dinamika EHEko taldeak dituzten herrietan, helburu irmo bakarrarekin: «Euskararen herrian bizi gara. Euskaraz bizitzeko eskubidea dugu eta euskaraz bizi nahi dugu. Udala edo herriko etxea da herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa, eta baditu hizkuntza politika egiteko konpetentziak. Hortaz, udalari euskaraz bizitzeko dugun nahia errespetatu eta honekiko harremanak euskaraz izateko dugun eskubidea bermatzeko eskaria bideratuko diogu». Horretarako, dinamikari lotutako saioak egingo dituzten herrietan eskaera orriak jasotzeko mahaiak jarriko dituzte. Zentzu horretan, larunbatean Lege Zaharren Enparantzan eskuratu ahalko dira orriok. Zarauzko Udalak herritarrekin euskara hutsean—hitzez zein idatziz— komunikatuko dela adostu zuen otsailean. Espainiako Estatuko Abokatuak, ordea, erabaki horren kontrako helegitea jarri zion erakundeari, beste hainbati bezala. Hori salatzeko mosaiko jendetsu bat antolatu zuen EHEk. «Aldarrikapenetik harago, euskararen alde egotetik harago», urratsak emateko konpromisoa du talde horrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide