Aiako Udalak ere Espainiako bandera jarri behar izan du balkoian, legeak behartuta

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko martxoaren 19a

Aiako udaletxean Espainiako bandera jarrita (Aiora Larrañaga/Hitza) Aiako Udala Espainiako Banderen Legea betetzera behartu dute, Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzera, alegia. Aiako Udalak pasa den ostegunean jarri zuen Espainiako bandera udaletxeko etxaurrean, herriko banderarekin, Europakoarekin eta ikurrinarekin batera. Aiako alkate Igor Iturainen esanetan, «egoera ezin izan da gehiago luzatu». Aiako Udalak «jar zitzakeen helegiteak jarri ditu, eta epaiak dioena derrigorrez bete beharra dago. Bi aldiz errekurritu dugu, baina ez dugu beste aukerarik, hamar eguneko epea eman baitigute horretarako». Espainiako bandera jarri ezean isun ekonomikoa eta alkatearen inhabilitazioa eskatzen ditu auzitegiko epaileak, Espainiako Banderen Legean oinarrituta. Iturainen esanetan «inposaketa» garbia izan da, «Euskal Herriko udal gehienetan gertatu den moduan,baina gustatu ez arren legea bete egin behar da», esan du. Herritarren egitasmoa Iritzi berekoa da Aiako Bildu ere: «Herritarron gehiengoa identifikatuta sentitzen ez garen ikur bat udaletxeko balkoian jartzera behartu dute Aiako Udala. Jakin bagenekien epaileak udala Espainiako bandera jartzera behartu zuela, baina ostegunean bat-batean inongo abisurik gabe udaletxeko etxaurrean bandera ikusteak ezustean harrapatu gaitu», aitortu du Aiako Bilduko zinegotzi Aritz Arrutik. Bilduren iritziz, inposaketa horren aurrean Aiako Udalbatza osoak «erantzun bateratu bat eman behar du, eta erantzunak behar duen pisua izan dezan, garrantzitsua iruditzen zaigu udaleko sentsibilitate guztiok bat egitea». Hala, iritziak eta erabakiak elkarbanatzeko jarrera izateko eskatu diote EAJri. Bestalde, urte hasierarekin batera, aiarren artean estatu espainiarraren «inposaketari» aurre egiteko ikurrinaren aldeko talde bat sortu zen Aian. «Espainiako bandera jartzeko inposizioaren aurrean geurea dena defendatzeko beharra eta herri gisara erantzuteko premia sentitu dugu». Herritarrei iritzia emateko aukera eskaini zieten urtarrilaren 19an, eta Espainiako bandera non jarri beharko litzatekeen, nolakoa izan beharko lukeen eta ikurrina herriko zein tokitan jarri beharko litzatekeen jaso nahi izan zuten orduan. Aiako ikurrinaren aldeko taldetik azaldu dutenez, udaleko ordezkariekin hitz egin dute proposamenen inguruan, baina oraindik ez dute udalean proposamenik aurkeztu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide