Diru sarreren araberako hobariak emango ditu Zarauzko Udalak

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 18a

Uraren eta hondakinen tasen inguruan emango ditu hobariak. Horiek bizikidetza unitate bakoitzaren diru sarreren araberakoak izango dira. Hiru mailatan bereizi dituzte laguntzok. Bizikidetza unitatearen diru sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago diren kasuetan, horiek %100eko hobaria eskatu ahal izango dute. Hori horrela, ura eta hondakinen tasak ordaintzetik salbuetsita egongo dira «egoera ekonomiko txarrenean» dauden herritarrak. Sarrerak bermatzeko errentaren edota gizarte larrialdiko laguntzen titularrak ere ur eta hondakinen tasarik ez dute ordaindu beharko. %75eko hobaria eskatzeko aukera izango da, berriz, bizikidetza unitatearen diru sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren %100 eta %125 artekoak diren kasuetan. Hobaria %50ekoa izango da bizikidetza unitatearen diru sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren %125 eta %150 artekoak badira. Interesa dutenek dagoeneko egin dezakete hobariak jaso ahal izateko eskaera. Zarauzko Udaleko Ongizate Zerbitzuetako (Zigordia kalea  33, behea) bulegora jo beharko da horretarako,  martxoaren 31 baino lehen..

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide