Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iritsi zaie Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileei Espainiako Auzitegi Nazionalaren erantzuna, eta ez da izan beraien gustukoa. Izan ere, epaileak Gallardo Taldeari eman dio arrazoia, eta 2013an aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostenaren egokitasuna justifikatu egin du. Sententziak ontzat ematen du kaleratze kolektiboa, «arrazoi ekonomiko eta produktiboak frogatu zirelako». Era berean, hartutako neurriak «horiek hartzeko arrazoien mailarekin bat datoz» epailearentzat. Gainera, enpresak legalki eskatutako baldintza guztiak bete zituela dio epaiak; beharrezko dokumentazioa eman zuen eta «gogo onez» negoziatu zuten, «euren egoera latzean eskaini zezaketen guztia eskaini zutelako». Gallardo Taldeak 2013ko apirilean aurkeztu zuen txostena onartzeak Azpeitiko lantegia ixtea eta Lasaoko 38 langile kaleratzea dakar; baita Extremadurako lantegietako 34 langile kaleratzea ere.
Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langile ordezkariek astelehenean izan zuten sententziaren berri, enpresako Giza Baliabideen arduradunak langile ordezkari bati egindako dei baten bitartez. «Ordurako, ordea, Espainiako komunikabideetan filtratua zegoen dena, gure harridurarako», azaldu dute ohar batean langileen ordezkariek.
Horregatik, salatu egin dute langileek albistea jaso duten modua: «Lotsagarria eta onartezina da gatazka honetan kaltetuena den alderdiak, langileok, honen berri nola jakin dugun. Hauek dira Espainiako ustezko justizia gorenak erabiltzen dituen moduak». Gaineratu dute «beste behin ere» argi gelditu dela justiziaren aurrean pertsona guztiak ez direla berdinak.
LAB eta ELA sindikatuetako arlo juridikoko kideek atzo goizean jaso zuen sententzia, eta hura aztertzeari ekin zioten. Datozen egunotan azalduko dituzte euren balorazioa eta ondorioak. Baita hartuko dituzten erabakiak ere. Izan ere, sententziak zabalik utzi du Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko aukera.
Enpresaren oharra
Gallardo Taldeak, bere aldetik, epaiaren inguruko ohar bat kaleratu du. Epaiak justifikatu egiten ditu, haren iritziz, taldeak hartutako neurriak, «taldearen gainerako lantegien etorkizuna eta bideragarritasuna bermatzeko beharrezkoa zela ebazten baitu». Gallardo Taldeak esan duenaren arabera, lantegi bakoitzean egindako berrantolaketak babestu ditu epaiak: «Murgilduta gauden berfinantziazio prozesua ixteko pauso positiboa da». Azaldu duenez, «hartutako neurriak zuzenbide arauetara egokitzen dira, eta Galladro Taldea mantentzeko beharrezkoak ziren».
Epaiketako izpiak ilundu dira
Joan den urtarrilaren 27an izan zuten epaiketa Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileek eta Gallardo Taldeak. Langileek bazekiten zaila zela Espainiako Auzitegi Nazionalean zaila lortzea erkidegoko epaitegietan jasotako babesa. Baina, epaiketatik ateratzean itxaropen izpi batzuk bazituzten. Izan ere, fiskalak langileen alde egin zuen azken hitzean, Gallardoren txostenak Konstituzioaren artikulu baten aurka egiten zuela argudiatuta. Gallardo Taldeak aurkeztutako frogak eta emandako argudioak «ahulak eta faltsuak» zirela adierazi zuten orduan langileek.