Etxeko enpleguari buruzko gida berrargitaratu du Zarauzko Udalak

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 18a

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta Parekidetasun sailak etxeko enpleguari buruzko liburuxka berriz argitaratzea erabaki du. 2012an kaleratu zuen lehenbiziko aldiz. Orain aleak bukatu direnez eta jende askok eskatu duela ikusita, berrargitaratzea adostu dute. Interesa dutenek bi bidetatik lortu ahalko dute gida. Paperezko bertsioa nahi dutenek Etxezabalan (Kale Nagusia, 29) edota Gizarte Zerbitzuan (Zigordea kalea, 33) eskuratu ahalko dute, doan. Bestalde, internet bidez ere kontsultatu ahalko da, Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailaren blogean. 2012ko urtarrilaren 1ean Etxeko Langileen Erregimen Berezia Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartu zuten eta ondorioz langileei gizarte segurantzako prestazio gehienak jasotzeko eskubidea aitortu zitzaien. Lege horren inguruan "informazio gabezia" zegoela-eta, kontratatzaileen eta kontratatuen arteko lan harremanak "duintzeko" sortu zuten gida. Etxeko langileek euren eskubideen inguruko informazio osoa jaso ahalko dute gidaliburu horren bidez, eta enplegatzaileek ere zalantza dezente argitu ahalko dituzte; izan ere, kontratatzaileak gehienetan ez dira enpresak izaten,  familia arruntak baizik. Besteak beste, legedia, kontratuak, soldatak, gizarte segurantza eta bajei buruzko informazio zabala aurki daiteke gida horretan, «modu sinple eta ulergarrian». Jakinarazi dute etxeko lanetan aritzen diren 10 langiletik 9 emakumezkoak direla, baina  lan hori egiten duten gizonezkoak ere badirela gogoratu dute. Informazio gida hau, noski, hauei ere zuzendua dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide